Aitortu behar dut greba honen inguruko azken berriek erraiak mugitu dizkidatela, bizipen asko ekarri baitizkidate gogora. Duela urtebete, oraindik pilotari nintzen garai hartan, greba bat hasi genuen zenbait pilotarik. Hara, hemen ere zenbait. 4 kideren kaleratze bidegabeen eta beste hainbatek zituzten baldintza kaskarren aurrean, “nahikoa da” esan eta planto egin genuen. Hortik aurrerakoak, aski ezagunak dira.
Hiru hilabete igaro dira pilotan jokatzeari utzi nionetik, baina oraindik mantentzen ditut pilota munduarekin harremanetan mantentzen nauten hainbat hari. Horietako batetik tiraka, honakoa heldu zitzaidan aurrekoan: “pilotari gazteen eta ez hain gazteen artean, ari da bat edo beste esanez: bai, Zabala ere duin eta borrokalari bere garaian, baina begira orain non dagoen, kalean”. Galtzailea beldurraren errelatoa zabaldu nahian. Beti bezala.
Bada, jakin ezazue pilotari nintzenean baino askoz pozago bizi naizela gaur egun Hizkuntza Eskolan euskara irakasten, lan-baldintza askoz hobeekin eta irribarre zabalagoarekin. Eta atzera egiteko aukerarik banu, pauso berberak emango nituzkeela; Tubacexeko langile horiek bezala, bai nik, bai ondoan nituenek, argi baikeneukan: hemen inor ez dago soberan.