Babestu behar duena kontrola galtzen

Erabiltzailearen aurpegia Herriaren Eskubidea 2026ko ekainaren 19a

Poliziaren eginkizuna argia izan beharko litzateke: herritarrak babestea eta segurtasuna bermatzea. Indarra erabiltzeko ahalmena dutenek, hain zuzen horregatik, erantzukizun handiagoa izan behar dute.

Azkenaldian Loiuko aireportuko irudiak edo Valentzian gertatutakoa ikusita, galdera bat sortzen da: noiz hasi gara zenbait jokabide normaltzat hartzen? Are gehiago kezkatzen nau askotan entzuten den argudioak: “Probokatu egin zituzten”. Baina noiztik justifikatzen du probokazio batek indarkeria?

Beste egoera batean ez genuke onartuko norbaitek kontrola galdu duelako beste bati eraso egitea. Zergatik aldatzen dugu iritzia uniformea tartean dagoenean?

Egia da tentsio uneak egon daitezkeela, baina horiek kudeatzea da prestakuntza eta autoritatea dutenen ardura. Babestu behar duenak kontrola galtzen duenean, herritarren konfiantza ere ahultzen da.

“Garaiz emandako zaplazteko batek tontakeria asko kentzen ditu” entzun izan dugu askotan. Baina agian esaldi horrek ez du indarraren balioa erakusten, beste bide batzuk bilatzeko ezintasunaren normalizazioa baizik.

Indarkeriak obedientzia lor dezake, baina ez errespetua. Autoritateak ez luke indarkeria zuritzeko balio behar. Boterea duenari kontrol handiagoa eskatu behar zaio.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!