Hau al da kirola sustatzea?

Erabiltzailearen aurpegia Herriaren Eskubidea 2026ko martxoaren 18a

Hilabeteak daramatzagu Durangoko udal gimnasiora joaten. Edo, hobeto esanda, saiatu nahian. Makineria aspalditik dago hondatuta, eta denbora luzea darama konpondu gabe. Denbora aurrera doa, baina arazoak hor jarraitzen du. Bitartean, udalak —EAJ eta PSEren gobernupean— etengabe zabaltzen ditu mugikortasun iraunkorraren, herri osasuntsuen eta kirola sustatzearen inguruko mezuak. Diskurtso ederrak eta kanpaina atseginak. Baina errealitatea bestelakoa da: udal gimnasioa, konpondu gabe.

Ez da kexa txiki bat. Diskurtsoaren eta eguneroko kudeaketaren arteko kontraesan nabarmena da. Bizimodu aktiboa sustatzen dela esaten da, osasun publikoa etengabe aipatzen da… baina herritarrok mugitzen garen espazioak mantentzeko ordua iristen denean, kudeaketa desagertuta dago. Herriaren Eskubideak egoera hau salatu du dagoeneko. Durango Kirolak-eko kudeaketa txarra ez da kasualitatea; gobernatzeko modu baten ondorioa da. Udal gimnasioa existitzen da, hain zuzen ere, kirola pribilegio bat izan ez dadin. Gimnasio pribatu bat ordaindu ezin duenak ere bere espazioa izan dezan. Eta espazio horren mantenua baztertzen denean, mezua argia da: kirola ordaindu dezakeenarentzat dela.

Horregatik, eskatzen duguna ez da aparteko ezer: publikoa eta denona dena zaindu eta mantentzea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!