Besteen lana, norberaren aintza

Erabiltzailearen aurpegia Herriaren Eskubidea

Ekainean alkateak legegintzaldiaren balantzea egin zuen. Baina egindakoaren azpian, kukuaren estrategia antzematen da: arrautzak habian utzi eta besteek hazitakoa bere egitea.

Lehen bi urteetako “lorpenak”, aurreko legegintzaldiko proiektuen jarraipena baino ez dira. Antzinako trenbidea bidegorri bihurtzea, Tabirako kirolgunea (futbola nagusi), eta merkatu plaza eraberritzea –hasieran Herriaren Eskubideak gobernutik sustatuak–, oraingoan moldatu eta okertu egin dira, jatorrizko izaera galduz. Besteek egin, eta berak sinatu. Pertsona nagusien egoitzako igogailua konpontzea “irisgarritasun hobekuntza” moduan saltzea, bi urtez matxuratuta egon ondoren, kukuaren parekoa da: gutxieneko konponketa, baina jendaurrean lorpen bihurtua. Plateruenako diru xahutzea, norabiderik gabe eta pribatizazioaren bidea hartuta. ETSrekin egindako akordioa, aurreko gobernuak landutakoa baztertuz, eta Durangorentzat kaltegarriagoa den emaitzagaz ordezkatuta. Eta, noski, marketin gezurtiaren bidez lortutako meritua. Osasun arloan, ospitalearen promesa hutsak: ez dugu 24 orduko pediatrarik, ezta behar adinako baliabiderik anbulategietan. 150.000 euroko promesa ez da zerbitzua. Beraz, Alkate andrea, gure errespeturik handienagaz: kukuaren estrategia hutsean oinarritutako bi urte izan dira. Besteen lana hartu, zure egin, eta gainera… zuen soldatak 40.000 euro igotzea, hori bai, benetan zuen ekarpena.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!