Hanka borobilak

Erabiltzailearen aurpegia Herriaren Eskubidea 2025ko mai. 2a, 08:00

Gaur egungo gizartean, zeinetan dena oso bizkor doan eta bakoitza bereari begira dagoen, aisialdirako uneak sakratuak dira. Sozializatu egiten gara, eta lagunekin eta maite ditugun pertsonekin egoten gara. Horrela, atseden apur bat ematen diogu geure buruari. Halakoetan, tabernak aukeratzen ditugu topaleku gisa.

Baina badirudi ez dagoela denentzako lekurik Durangoko tabernetan. Oso zaila da terrazetatik aulki elektriko batekin edo gurpil-aulkiekin ibiltzea. Ez da egoten lekurik pasatzeko edo maniobratzeko. Eta zer esanik ez espaloiaren mailan ez dauden tabernetan, ez baitaude egokituta.

Bien bitartean, mundu guztia primeran pasatzen egoten da pintxopotean, bermut orduan edo dena delakoan. Maila edo eskaileratxoaren arazoa konponduta ere, hauxe hurrengo arazoa: hanka borobildunek edaria eskatu behar dute barran. Berez, derrigorra da barraren alde bat gurpil-aulkien altueran egotea, baina oso leku gutxitan betetzen da hori.

Eta, jakina, jan eta edan ondoren, komunerako bidea ere hartu behar da sarritan, gorputzak hala eskatzen baitu. Halako tabernetan, lan nekeza gurpil-aulkian dabilenarentzat. Eta askotan, ezinezkoa.

Labur esanda, pertsona guztiok ditugu eskubide berberak teorian, baina mugikortasun urria baduzu zure eskubideak ez dira garrantzitsuak eta ezin duzu gozatu besteek gozatzen duten bezala Durangoko tabernetan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!