Hasteko, eskerrak eman nahi dizkiet antolatzaile eta korrikalari bezala ere bai lasterketan lagundu zeniguten den-denei, bat bera ere ahaztu gabe.
Hunkitzekoa ere bai Artolan animatzeko batu zen jendetza, urtez urte epikoagoa izaten ari den sentsazioa dut.
Bestalde, poztasun handia ematen dit inoiz baino atxondar gehiagok jantzi zuela dortsala korrika egiteko. Hori da nire ustez aurtengo lorpenik handienetako bat.
Azkenik, azaldu nahi nuke aurten Sorginen Lasterketa Etiketa Berdea deritzon lantalde baten sartu dela,non balio etiko batzuk defendatzen ditugun. Gure ideia beti izan da kirol helburutik harago, lasterketa jasangarriago eta errespetuzkoago bat sortzeko konpromisoa izatea: baso bideak zainduz, korrikalariak elkar zain daitezela gogoraraziz, ahalik eta hondakin gutxien sortuz eta abar. Hainbat neurri har daitezke kontuan antolatzaileon aldetik Etiketa Berdedun lasterketa izateko. Baina, korrikalari bezala, zein da zure hautua elkarbizitzan, berdintasunean eta jasangarritasunean oinarritutako lasterketak aukeratzeko? Bada, Etiketa Berdea duten lasterketetara izena emateaz gain (Txindoki, Beriain, Tontorramendi, Ubidestroi, Zaldibiakoa, Triku Trail,...), 'gertutasuna' har genezake kontuan. Hau da, ez dut uste oso urrunera joan behar garenik lasterketa ederrez gozatzeko. Denok amestu izan dugu akaso Alpeekin edo beste kontinente bateko lasterketa batekin, ondo dago noizean behin hori. Baina, ez gaitezen ahaztu Durangaldean eta gure eskualdetik gertu zenbat lasterketa zoragarri ditugun: Amaraune Berrizen, Ahuntzena Elgetan, Lemoatx, Kolazino Bedian, Anbotoko Kilometro Bertikala Arrazolan eta datorren astean izango den Aldapegora mendi lasterketa berria Elorrixon. Den-denak mimoz prestatuta daude, animatu eta seguru urtez urte errepikatzeko gogoa sartuko zaigula denoi!