Atseden fisiko eta mentala

Lasterketetan ez dabiltzan lagunek batzuetan galdetzen didate ea noiz amaitzen den nire kirol denboraldia. Kanpotik ikusita badirudi lehiaketetan gabiltzanok ez dugula atsedenik hartzen, ezta?

Egutegi eta lasterketa zirkuitu edo ligak egon badaude, baina bakoitzak jarri behar du bere geldialdia norberaren egutegian. Mendi korrikalari batzuek euren sareetan lasterketen denboraldia amaitu dutela argitaratzen dutenean horixe bera esan nahi dute askotan, atseden pixkat hartu eta mendiko lehiaketak alde batera utziko dituztela pare bat hilez.

Egia da abendu eta urtarrilean ez daudela mendi lasterketa asko, baina otsailetik azarora bitartean nahi bestetan har zenezake parte. Argi dago lehiatzeak fisikoki ez ezik, psikologikoki ere asko nekatzen duela eta oso korrikalari gutxik eman dezaketela maila ona urte osoan. Sarri lehiatzeak ekar dezake lasterketa bitarteko tarteetan behar bezala ez entrenatzea eta lesionatzea. Teorikoki hobe da entrenamendu saioak ondo planifikatu eta betetzea lehiaketa gutxi batzuetara bideratuz (prestatzaile fisiko on batek lagun zaitzake), baina gai honetan ere indibidualtasuna aurkitu behar da; izan ere, batzuek ia asteroko lehia puntu hori behar dute motibazioa mantentzeko. Beti bezala, orekan dago gakoa eta epe luzean ondo sentiarazten gaituen hori egitean ere bai.

Atseden aste hauetan ondo legoke osasun azterketa oso bat egiteko aprobetxatzea: odol analisiak bitamina/mineralen gabeziak dauden ikusteko, aspaldian kasu egin ez diozun min edo eritasun horri entzun eta nondik datorren aztertzeko… Azken batean, lehentasuna emateko azkenaldian eman ez diozun arlo horri.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!