Pertsonalki ezin naiz pozago egon hainbeste lagun azken aste hauetan Atxondon elkartu izanaz. Anbotoko mendikatea lasterkariontzat itzelezko ingurunea dela deritzot eta agerian gelditu da zaleentzat ere oso erakargarria izan direla lasterketa biak. Axpen 300 korrikalari batu ginen eta ibilbideak zituen 20 kilometroetan zehar ikusle asko izan genituen animatzen, nahiz eta Artolako igoeran aurkitu pilaketa handienak (hunkigarria izan zen). Arrazolan, bestalde, Anboto Kilometro Bertikalean 250 korrikalariren muga beteta eta eguraldia lagun, Arrazolatik hasi eta Anboto puntaraino ez zegoen 20 metroko tarterik ikuslerik gabe. Ederra izan zen bertan bizitakoa, zaleen berotasuna gertutik sentitzea bezalakorik ez dago eta benetan diotsuet oso lasterketa gutxitan egoten dela hainbeste ikusle.
Lasterketa bietan lehiatu osteko sentsazioak oso atseginak izan ziren niretzat, batez ere, etxekoen ondoan lehiatzeaz gain, euskal mendi korrikalari gehienak elkartu ginelako Atxondon.