Azpimarratzekoa da EMF kopako lehen bi probetan egon den kirol maila, kategoria guztietan. Martxoaren 19an jokatutako Bediako Kolaziñon Oihana Azkorbebeitia eta Asier Larruzea izan ziren txapeldunak. Apirilaren 2an bigarren proba egin zen Mendaroko Kilimon Trail lasterketan eta kirol ikuskizun apartaz gozatu ahal izan genuen hemen ere. Onditz Iturberen nagusitasun nabarmena agerian geratu zen beste behin senior mailako emakumeen kategorian. Itzela da igorreztarra lortzen ari dena astez aste. Mutilen kategorian, aldiz, ikusgarria izan zen lehen lau mutilak sprintean sartzea herrian. Bi orduko esfortzuaren ostean, lehen lau mutilak minutu eskaseko aldeaz helmugaratzea ez da ia sekula gertatzen mendi lasterketetan. Javi Goitiak eraman zuen txapela azkenean, eta bere atzetik helmugaratu ziren I. Goñi, A. Larruzea eta A. Kjaerevik norvegiarra.
Hurrengo kopako proba ekainean izango da. Bien bitartean, beste lasterketez adi egongo gara. Etzi, adibidez, Arrasate-Udalatx lasterketa izango da.