Atzo Indarkeria Matxistaren kontrako Nazioarteko Eguna izan zen. Emakumeen kontrako indarkeria kasuak egunero gertatzen direla ezin uka daiteke. Gizartea horren aurka bildu eta aldarri hori plazaratzeko motiboak sobera, beraz; eta moduak, milaka: elkarretaratzeak, manifestazioak, lasterketak eta abar. Badakigu gizonezko asko daudela aldarri honekin bat egiten dutenak, baina lasterketen parte hartzea tamalez oraindik ez da parekidea generoen artean, eta guk emakumez jositako lasterketaren irudi indartsu bat nahi dugu. Kirol arloan ere gertatzen dira indarkeria kasuak. Orain dela ez asko, Euskal Herriko lasterketa batzuetan diru-sari handiagoak ematen zitzaizkien mutil irabazleei neskei baino.
Urruti joan gabe, urriaren 31n Durangon atleta beteranoen Espainiako Kopa Mistoa jokatu zen eta bertan 35-85 urte bitarteko gizon-emakumeak batera lehiatu ziren. Polita izan zen. Baina orduan ere pasarte matxistaren bat ezin falta: 3.000 metroko lasterketaren irteera lerroan adin tarte zabaleko 5 gizon eta 3 emakume zeuden eta epaileak 40 urteko emakume bati atzeko lerroan jartzeko eskatu zion, gizonek baino motelago korrika egingo zuela pentsatuz-edo. Ezjakintasuna ala matxismoa?
Poztekoa da geroz eta emakume gehiago kirolean ikustea, baina oraindik parte-hartzean urrun gaude parekidetasunetik, baita kirol federatuko lizentzien kopuruan ere. Beraz, lasterketaren beste xede bat kirol arloan emakumeen ahalduntzea da. Izan dezagun lotsak eta konplexuak galtzeko espazio bat, beldurrik barik korrika atera eta indarkeria matxistaren aurka aldarrikatzeko aukera izango duguna. Nahiko genuke laster emakumeen parte-hartzea %50ekoa izatea, baina bitartean proba antolatzen jarraitzeko arrazoiak baditugu.