Urte osoa egun bati begira

Data ezartzea izan zen errazena, nahiz eta hori ere ez zen lan samurra izan hainbeste lasterketa pilatzen den sasoi honetan. Buruko min handiagoa eman zigun ibilbide aldaketaren erabakiak. Korrikalari gehienek bidegorri zatia kentzea eskatzen ziguten urtero, eta horrek bultzatu gintuen mendi kutsu handiagoa izango zuen ibilbide baten bila hastera. Zer nolako zenbaki festa! 21 kilometrotan 2.000 metrotik gorako desnibela zuen ibilbide bat ere egin genuen behin, Ipizte sartu nahian, besteak beste. Hainbat buelta eman eta gero, aurtengoan geratu zaigu behin betiko ibilbidea. Oso emaitza ona izan da aurten; izan ere, astean zehar egin dugun galdetegian korrikalarien %90ek notarik altuena eman diote ibilbide berriari.

Zenbakiekin jarrai nezake, esanez 100 laguntzailek baino gehiagok lagundu dutela Sorginen Lasterketan, beti ere gogoratuz zenbaki horien atzean herritarren izenak daudela. Argi ikusi dugu beste behin ere, lasterketa hau herriak egiten duela posible. Oso esker oneko gaude lagundu diguzuen guztiekin. Eskerrik asko, Iñigo, Kimetz, Ane, Egoitz, Iratxe, Adrian, Maialen, David, Oihana, Aitor, Libe, Peru, Idoia, Asier, Aiora, Unai, Oier, Goiatz, Igor, Goizane, Peio, Arrate, Unax, Itsaso, Alex, Eva, Jon, Nahikari, Jorge, Nerea, Jokin, Irati, Aiert, Goretti, Alex, Bego, Aritz, Ruben, Marta, Jon Ander, Juanjo eta abar luze bat. ANBOTO astekariaren erdia beharko nuke den denak aipatzeko. Denok zaituztegu buruan, hasi eskoba lanak egin zutenetatik, Anbotoko segurtasun arduradunei, argazkilariei, bidegurutzeetakoei, anoa guneetakoei, trafikoa kudeatu zutenei, denei. Azkenik, ezin ahaztu herriko jatetxe eta enpresek urtero ematen diguten babesa. Mila esker!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!