Zer da garestia?

Osasuntsu egotearen balioa askoz ere presenteago dugun garai honetan, badirudi ariketa fisikoa egitera animatu dela jende asko. Poztekoa da mendian lagun taldeak, familiak eta bakarrik doan jendea agurtzea.

Orain dela gutxiko pasarte bat kontatuko dizuet. Mendian nenbilela, nire atzetik antzeko erritmoan aldapa igotzen ari ziren mutil biren elkarrizketara joan zitzaidan arreta: mendiko arropei buruz hizketan ari ziren. Praka eroso eta arin batzuk erosi omen zituen batek, eta besteari esaten zion merke zeudela, aukera ez galtzeko eta abar. Handik gutxira, hankapeko min bati buruz hasi ziren eta fisioterapeutak gomendatu omen zion podologoari kontsulta egitea, zer zeukan hobeto begiratzeko. Baina beldur zen plantillak egitea esango ote zion, ez zeukala horretan dirua gastatzeko asmorik….

Azkar batean hasi nintzen ni bakarrizketan. Gauza materialen balioa eta osasuna, gure osotasunean. Zeinen berandu konturatzen garen askotan, luzaroan kirolaz gozatzea nahi badugu, osasun arloko profesionalengana jo behar dela sarritxotan; ondoen gastatzen den dirua norberaren ongizatera bideratuta doana baita. Zertarako balio dizu zapatila garestienak erostea, hankapeko min horren jatorria zein den jakin gabe? Zertarako esfortzutik errekuperatzeko hauts magikoak hartu, gero jatorduei eta eguneroko elikagaien kalitateari kasurik egiten ez badiozu?

Ez izan beldurrik esku onetara jotzeko: izan fisioterapeuta, osteopata, kirol mediku, prestatzaile, odontologo, dietista edota podologo. Eta segi gozatzen!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!