Oihana Kortazar izan zen garaile eta aipatzekoa da lehen 5 emakume sailkatuetatik 4 euskaldunak izan zirela. Gizonetan antzeko zerbait gertatu zen, Asier Larruzea bigarren eta Beñat Katarain bosgarren sailkatu baitziren. Aipatzekoak Durangaldeko bi korrikalariren markak: Aitor Ajuria otxandiarrak 10. postu on bat lortu zuen eta Asser Alonso atxondarrak 24. postuan sailkatu zen itzelezko maila erakutsiz lasterketa gogor honetan.
Azken asteburu honetan, bestelako lasterketa mota bat lehiatu zen Kantabriako lurretan. RFEAren Espainiako Trail txapelketa izan zen Liencreseko Costa Quebrada lasterketa ederrean (16km/590m+). Honek ez zuen Sevillakoaren antzik, askoz ere lasterketa azkarragoa baitzen, gainbehera metatu gutxiago eta korrika egiteko lurzoru erosoagoa. Bertaratu ziren atleten maila izugarria izan zen; bai nesketan, bai mutiletan. Oihana Kortazarrek berriro zapaldu zuen podiuma, hirugarren postua lortuz. Eta argi utzi zuen orotariko korrikalaria dela, baldintza ezberdinetan ematen baitu maila bikaina korrilakari elgetarrak. Durango Kirol Taldeko onena izan arren, neskek 4. postu batekin konformatu behar izan zuten taldekako sailkapenean.
Mutiletan, aldiz, gure eskualdeko korrikalariak punta puntan aritu ziren: Gontzal Murgoitio elorriarra, Oier Ariznabarreta durangarra eta Aitor Ajuria otxandiarra. Dena dela, lasterketa hartan egon zen maila handiaren erakusle izan zen taldekako sailkapenean podiumean sartzeko egon zen burruka estua. Azkenean, bosgarren postuan amaitzea lortu zuten Durango Kirol Taldeko
mutilek.