Dopamina baraualdia

Kirol errendimenduan interesa duenak izango du aldizkako elikadura baraualdien berri. Baina oraingo honetan ez naiz arituko hidrato, koipe eta abarren inguruan berbetan. Gaur dopamina baraualdiez hitz egin nahi dizuet.

Sillicon Valleyn (Kalifornia, Ameriketako Estatu Batuak) jarri omen zen baraualdi mota modan. Zertan datza? Plazera eragin baina egunerokotasunean denbora kentzen diguten zenbait ekintza egiteari uztea. Hala nola sare sozialak erabiltzea, telebistako telesailak ikustea... Baraualdi honen helburua garuna berrabiarazi eta arreta ekintza emankorragoetan jartzea da. Gozamena eragiten duen ekintza batekin dopamina neurotransmisorea jariatzen da eta honek norbera saritzeko prozesua jartzen du martxan. Plazer hori behin eta berriz sentitu nahirik, gure ohiko bizimoduko beste gauza asko ez omen ditugu apreziatzen.

Mendi lasterketak maite ditugunontzat garai eskasa oraingoa. Lehiatzeaz gainera, hainbat txokotako lagunekin elkartu eta momentu on horiekin aurkitzen dugu gozamena guk. Lasterketak bertan behera geratu diren arren, lagunartean entrenatzen jarraitu dut azkenaldian. Hor ere plazera helburu: izerditu osteko hizketalditxo eta barreak… ez da asko gehiago behar!

Gaur egun bizi dugun sasoi honetan, bakarrik entrenatzera behartuta, dopamina maila jaitsi eta estimulu txikiekin asebete beharko dugu gure barrena. Ez dakit hori COVID19-aren aurkako neurri eraginkorrena den, baina behintzat bakarrik entrenatzen ez dakienari erakutsiko dio bakardadea gehiago maitatzen. Eta beharbada hemendik denbora batera berriro elkartzen garenean intentsitate handiagoz biziko ditugu taldekako entrenamendu saioak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!