EMFko rankinga

Abian da 2020ko Euskal Mendi Federazioaren lasterketen Rankinga. Aurten ere Kalamua-Barinaga jaitsiera izan da lehen proba, urtarrilean. Barinagako festa giroan antolatzen duten lasterketa berezi honetan, parte-hartzaile denak batera Kalamua mendira igotzen dira paseoan, bidea ezagutuz. Behin gora iritsi eta beherako kronometrajea hasten da banan-banan: kronoigoera bat, baina beheraka! 2017an egin zen lehen aldi horretan ia hamasei minutu behar izan nituen tontorretik Barinagako frontoira iristeko, baina ordu laurden hura ez zait erraz ahaztuko; egin dudan lasterketa berezienetako bat izan baitzen.

Aurtengo irabazleak Mikel Zabalegi eta Irune Ruiz de Gauna izan dira.

Rankingeko bigarren proba Larra Belaguako elur lasterketa izan da, otsailaren 9tik 28ra atzeratu behar izan zutena elur faltagatik, hain zuzen ere. Joan den larunbatean ilusio handiz abiatu nintzen lagunekin Izabara, baina Belaguara igotzen hasi orduko konturatu ginen mendietan elur gutxi zegoela. Heldu bezain laster jakinarazi ziguten lasterketa burutuko zela, nahiz eta ibilbide osoaren laurden bat baino gutxiago egon zurituta.

Elur lasterketa baino kros itxura handiagoa zuen lasterketa hartan izugarri gozatu nuen; ilunpetan eta behelaino itxiarekin non zapaltzen nuen ere jakin ez arren. Nuria Dominguez eta Alvaro Peña izan ziren azkarrenak.

Noizean behin, erosotasun eremutik edo ohikoak zaizkigun egoeretatik alde egin eta bizipen ezberdinak probatzea ondo etortzen da. Horregatik, polita iruditzen zait mendi lasterketen ranking honetan deneriko probak egotea. Hurrengoa antolakuntza bikaina duen Kolazino lasterketa izango da, hilaren 21ean, Bedian. Aurten ere hantxe egongo gara!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!