Egutegia antolatzen

Durangoko Azokan eskuratu ohi diren egutegi berrietan zirriborroak egiteko garaia da abendua. Izan ere, 2020a ate joka dugun honetan, mendi korrikalarion buruhaustea denboraldi berrirako lasterketak aukeratzen joatea izaten da. Hamaika kopa, ranking eta txapelketa daude aukeran, Bizkaitik hasi eta mundu mailaraino.

Datorren denboraldian Euskal Herriko Rankingeko lasterketetan lehiatuko naiz berriro. Aurten leku eta lasterketa ederrak ezagutzeko aukera bikaina izan dut ranking horretan parte hartzen nuen bitartean. Badira lasterketa batzuk, amaitu bezain laster, hurrengo urtean errepikatzeko gogoa ematen dutenak, eta nik horrelako bi egin ditut aurten: Araiako Mitxarro Bira eta Etxarri-Aranazko Trikutrail.

Lasterketa biak ezagutzen dituen irakurleak jakingo du ezaugarri ezberdin nabarmen bat dutela:

Araian hasi eta bukatzen den lasterketan Aratz mendi ikusgarria igotzen da. Aldiz, Trikutrailen gailur ezagunik igo gabe lasterketa osoa Nafarroa eta Gipuzkoa arteko pagadi ederretan barrena igarotzen da; horrelako ibilbide ederrak ez dira askotan ikusten lasterketetan.

Euskal Herriko Mendi Federazioko lasterketen egutegi ofiziala laster egongo da ikusgai, baina aurreratu digute 2020ko maiatzeko bigarren asteburuan Euskal Herriko mendi korrikalarion festa izango omen dela Araian: 9an kilometro bertikalen Euskal Herriko txapelketa iragarri dute eta 10ean Mitxarro Bira lineako lasterketen txapelketa izango da. Beraz, ondoen prestatuta daudenek bakarrik lehiatu ahal izango dituzte txapelketa biak %100ean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!