Anbotoko festa

Hasteko gogo itzela nuen eta bat-batean sartu zait egutegian, azkarregi akaso. Baina, zer arraio, heldu da urriarekin batera gure munduko txapelketa den Anbotoko Kilometro Bertikala, urtero begiz jota izaten dudan mendi proba.

Kilometro bertikal honetan Arrazolako zulotik parez pare ikusten den harritzarraren puntara igotzea dugu helburu, bakoitzak bere asmoekin: urtero egin ohi dugunok aurreko urteko gure marka hobetu nahi izaten dugu normalean. Egongo da baten bat kilometro bertikal bat zer den probatu nahi duena eta ahalik eta duinen heltzea helburu duena. Eta, noski, ezin ahaztu lagunarteko beroaldietatik ernetzen diren apustuak. Baina den-denok dugu intentzio bat: mendiaz gozatzea.

Azken bi asteetan bi kilometro bertikaletan lehiatu naiz: Uharte Arakil-Beriainekoan eta Gorbeia Suzienekoan, zein baino zein ederragoak direnak. Lasterketa batean zein bestean aurkitu ditut Anboto Kilometro Bertikaleko miresleak. Zenbat aldiz entzun ote ditudan “hori bai bertikala!” eta antzerako komentarioak. Izan ere, baditu ezaugarri batzuk gure inguruko bertikalen erregina izateko: lehenengo eta behin, bertikal izaera noblea du, ez baitu atsedenik. Arrazolako Elizondo plazan sortzen den giro ederra, banan-banan irtetearen urduritasun-tximeletak sabelean, Erlaunpe elkartetik ateratzen dituzten mokadu goxoak, Asuntze Mendi Taldearen antolakuntza bikaina, Euskal Herriko bertikalzale askorekin elkartzeko aukera... zer gehiago behar da, ba? Mendi festa borobila izaten da, azken baten. Bihar arte, Anboto!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!