Orain distantzia luzeei beldurrik ez, errespetua diet; eta ultrak egiten dituztenei miresmen itzela. Ultrak edo, bestela esanda, 42 km baino gehiagoko lasterketak ganoraz prestatzeko, denbora asko behar da eta entrenamenduak progresiboki gogortzen joatea. Hilero ordu eta kilometro gehiago pilatzen joanez prestatzen dira horrelako proba luzeak eta, gainera, elikadura eta beste bizi ohitura asko zainduz.
Zapatuan, Gasteizko Mendiak deritzon 62 kilometroko lasterketa dago. Helmugan sartzen diren lehen 100 lagunek Hiru Haundietarako dortsala irabaziko dute. Guztira, 1.100 lagun inguru irtengo dira bihar goizeko seietan, eta, tartean, lagun bat. Bere ingurukook badakigu mimo handiz prestatu duela lasterketa hau, oso ondo egin baitu prestaketa lan osoa eta lasterketaz gozatzea baino ez zaio geratzen. Animo, Eneritz!