Inguruko adibide asko ditut buruan eta batzuk aipatuko ditut: Oihana Kortazarrek makina bat duatloi eginak zituen mendian lehiatzen hasi orduko, Oier Ariznabarreta zein Aritz Egea gaztetxotan txirrindularitzan arituak dira eta Oihana Azkorbebeitia ume-umetatik hasi zen atletismoko probetan lehiatzen. Beste kiroletatik trailera animatu direnetatik, azkenaldi honetan txunditu gaituzten pare bat neska aipatu nahi nituzke, zeresana emango baitute mendian segiz gero: triatloian eta atletismoan maila bikaina duen Natalia Gomezek itzelezko markak egin ditu Aia, Cicero eta Costa Quebradako mendi lasterketetan. Ainhoa Sanz atleta, bestalde, Berako mendi maratoi erdian gailendu zen.
Aurten Euskadiko kros txapelketan Majida Mayouf probako irabazlearen atzetik sartu ziren Ainhoa Sanz eta Natalia Gomez, hurrenez hurren. Horra hor krosa eta mendia uztartu daitezkeela bermatzen duten ereduak, ez baita kasualitatea krosean Euskadiko onenak direnak mendi lasterketetan ere nabarmentzea.