Neurria hartu

Mendian korrika hasi nahi duenarentzat, gomendio batzuk gaurkoan. Modan dago trail running delakoa eta, horrekin batera, lasterketetan parte hartzea. Ni ere horrela hasi nintzen orain ez asko, lehiatzeak erakarri ninduen eta asteburu gehienetako bizigarri zait oraindik.

Baina uste dut moda honek baduela bere itzala, norberak neurria jartzen ez badio.

Lehenik eta behin, korrika hasi orduko oinez kilometro asko egin behar dira. Pixkanaka korrikalditxo batzuk tartekatu ditzakezu zure eguneroko ibilaldietan. Ez zaitez desanimatu azkar batean nekatzen bazara. Pixkanaka, astetik astera, korrikalditxoen tarteak luzeagoak izango dira. Aurrerapausoez konturatu eta gozatu egiten ari zarenaz.

Hilabete batzuk maiztasunez korrika aritu ostean, esfortzu proba bat egitea ez legoke batere gaizki, eta gomendagarria da; batez ere, 30 urtetik aurrera hasi bazara kirola praktikatzen. Proba honetan bihotzaren lana ikusten da kirol esfortzuan. Gaixotasun kardiobaskularrak diagnostikatzeko balio izateaz gain, bihotz gaitasuna eta pultsazio eremuak zehazten dira.

Esfortzu proba eginda eta astero korrika ateratzeko ohitura barneratuta duzunean, entrenatzaile batengana jotzea da onena. Berak esango dizu ondoen nola eta zenbat entrenatu behar duzun.

Lasterketaren batekin probatzeko unea heldu dela uste duzunean, hasi zaitez distantzia eta desnibel erraza duen proba batekin. Ez dauka zentzurik luzeegi irudituko zaizun lasterketa batekin hastea, ez baituzu disfrutatuko. Ze, gozatzen dugulako maite dugu kirol hau, ezta?

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!