Sorginen lasterketa

Goizeko txirrina gaur ez da hain mingarri gertatu, astean zehar baino lehenago esnatu arren. Jantzi, betikoa gosaldu eta komunera. Eguneroko ekintzak normal egiten saiatu arren, baduzu lasterketa berezietako har hori barruan, sabelean.

Dena hartu duzula ziurtatu. Aneri mezua: banoa horrantza. Lagunak jaso eta Atxondo helburu. Bidean ikusi duzue Anbotok ez duela txapelik jantzi! Axpera heldu bezain laster, dortsalaren bila joan eta ondoko karpan kafe bana eman dizuete giharrak berotzen hasi orduko. Ohartzerako, heldu da kanpai-hotsa! ...3-2-1! Aurrera!

Azkarregi hasi zara: "Trankil! Hau luzea da", zeure buruari. Errekaunditik gora ere ederto berotu duzu hauspoa eta goian Anboto hain handi, hain harro ikustean psikologikoki gainbeheratxoa dator: Nora noa ni? Zabalaundin eztarria busti eta gorako bideari ekin diozu soseguz. Erritmo erosoa aurkitu eta espero baino hobeto heldu zara tontorrera. Beherako bidea astiro, harkaitz artetik tentu handiz zoaz. Orain arte inguruan egindako lasterketarik teknikoena iruditu zaizu, jaitsiera honengatik. Korrika egiteko gogo biziz amaitu duzu jaitsiera zoro hau. Asuntzen beste tragotxo bat eta lokatz artetik beheraka, Alluitzeko hormak zaindari. Artola ahal bezain indartsu igo ostean, Axperainoko jaitsiera baino ez da geratzen amaitzeko. Eta, azkenean
helmuga!

Bip! Alarma. Irailak 7. Gosaldu eta, ahaztu orduko, Kirolprobak web atarian eman duzu izena Sorginen Lasterketan parte hartzeko. Ea irailaren 15ean bart gaueko amets hau egia bihurtzen zaizun!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!