Kopak, txapelketak eta abar

Badirudi mendi lasterketen denboraldia hasi baino ez dela egin, baina 2018a hasi zenetik hainbat gertakari daude kontatzeko. Etxetik hasi eta mundu zabalerako errepasoa egin dezagun.

Apirilaren 22an Oihana Azkorbebeitia abadiñarrak Euskal Herriko lineako mendi lasterketen txapela jantzi zuen Aloñan, Oñatin. Imanol Goñik ere eraman zuen berea Natxituara. Betiko izen ezagunak, beraz, sailkapenen lehen ilaretan. Onena opa diet Euskal Selekzioko bi lasterkari bikain hauei Munduko Kopan.

Txapelketei dagokienez, Ultra modalitatea Silvia Triguerosek ondo ezagutzen duen Beasaingo Ehun Miletan jokatuko da uztailean. Sasoiko dagoela argi utzi zuen Zubiriko Nafarroa Xtrem lasterketan errekor berria ezarriz irabazi zuenean eta Runela Trail luzean bigarren postua lortuz.

Bestalde, lasterketen kopa ordezkatuz, aurten berrikuntza bat ekarri digute Euskal Mendizale Federazioko arduradunek. Iaz egindako kopa konbinatuak arrakasta handirik lortu ez zuela ikusita, aurten mota askotariko hamazortzi lasterketaz osaturiko zerrendarekin ranking bat osatzea dute helburu. Momentuz, Maite Etxezarreta azpeitiarrak du ranking horretako testigua, Lorena Guinaldo eta Mayi Mujika korrikalarien aurretik. Mutiletan Asier Larruzea, Igor Urionabarrenetxea eta Borja Santiago zornotzarra doaz aurrean.

Munduko Koparekin amaituz, 50 km baino gutxiagoko lasterketen modalitatean, Holly Page britainiarra eta Andorrako Oscar Casal doaz lehenengo. Ikusiko dugu kopako bigarren etapa den Zegaman zer gertatzen den.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!