Aurkezpenean denek esan zuten irabazteko asmoz doazela, lehiatzera doazela. Baina, programaz programa, lehiakideen izaera azaleratzen joan da; Ainhoa Sanz atletaren lehiakortasun handiak talka egiten du, adibidez, Eñaut Agirre mendizalearen jarrerarekin. Ainhoaren erritmo bizia estugarri gertatzen zaio ondarroarrari, mendiaz patxadan gozatzen duen horietarikoa omen baita Eñaut.
Lehiaren eta mendiaren arteko harremanaren betiko eztabaida agerian geratu zela sumatu nuen. Zenbat bider entzun izan dugu lehia eta mendizaletasuna ez liratekeela bateratu behar? Zortzimilakoen bilduma egiten ari direnak mendizaleak ez direnik inork gutxik esango du. Baina ez al dira elkarren artean lehiatzen alpinistak ere? Zeinek neguan zortzimilako gehiago igo, bilduma osoa egin duen lehen emakumea, Everest mendia igo duen gazteena edo zaharrena izan nahi horretan ez al dago lehia, ba?
Beste gauza bat da, aipatutako kirol horiek maitatu, baina norgehiagoka aritzea gustuko ez izatea. Nik aspektu guztietan gozatzen jarraitzeko asmoa dut, izan ere, mendiak eman dizkidan une gogoangarrienak aukeratu beharko banitu, lehiaz kanpo eta lehian aritutakoen arteko asko etortzen zaizkit burura.