Zorionez, mende erdi honetan emakume korrikalarien parte hartzea asko igo da, lasterketa laburretan, batez ere. Running USA elkartearen arabera AEBetan %57 inguru izaten dira emakume korrikalariak. Europan, Suedia omen da lasterketetan neska korrikalari gehien dituen herrialdea, proba labur askotan gizonezkoen portzentajea gaindituz.
Gurean, errepideko lasterketetako parte-hartzea erakusteko, aipatzekoa da aurten Behobiatik Donostiara korrika joango direnen bostetik bakarra izango dela emakumea.
Gipuzkoako hiriburutik atera gabe, Hiru Hondartzetako korrikaldian, Behobiako portzentaje hori txiki gelditu zen, helmugaratu ziren guztietatik %34 izan baitziren emakumeak.
Mendi lasterketei dagokienez, %10 baino ez gara izaten parte hartzen dugun emakumeak. Izan liteke mendi eremuak errespetua ematen duelako edo zaila delako 10-15 km baino gutxiagoko mendi-lasterketak aurkitzea. Parte-hartzea bultzatzeko, aukera oso egokia iruditzen zait distantzia laburreko lasterketa mistoak antolatzea. Momentuz, Ezkio eta Bergarakoa baino ez ditut begi-bistan, lehena azaroaren 25ean eta urteko azken egunean bigarrena. Mendi lasterketak probatzeko aukera bikainak biak.