Otsaila jarriko dugu abiapuntu: Kobaz Koba, Apuko, edota BUTS zirkuituaren lehen zatia izan zen Bilbo-Gasteiz. Segidan etorri ziren Zuzenien, Mugagabe, Aia, eta abar. Apirilean Arrasate-Udalatx azpimarratuko nuke, eskualdeko korrikalari ugarik hartu baitzuen parte: Oihana Azkorbebeitiak, Aitor Ajuriak, Markel Zamakonak eta Ekaitz Kortazarrek itzelezko ikuskizuna eskaini ziguten bertaratu ginen zaleoi. Otxandiarrek indartsu daudela erakutsi zuten. Oihanak, aldiz, asteak daramatza gailentzen: Zestoa, Zaramillo, Aia, Xoxote, Arrasate eta Sarako 6 txapelei Oñatin lortu berri duen 2. postua gehitu behar zaie. Zoragarria bere denboraldi hasiera!
Abadiñoko beste neska batek ere erakustaldi bikaina eman zigun Bilbotik Gasteizerako 110 kilometroko lasterketa irabaziz: Silvia Triguerosek 17 ordu pasa egin zituen hiriburu batetik bestera.
Eskualdeko lasterkarien artean, Oier Ariznabarreta eta Julen Ozaeta durangarrak ezin aipatu gabe utzi. Lehenak Bobian, Saran eta Beran irabazi zuen. Julen, aldiz, Europako mendietan aritu da sasoi betean: Cangasen irabazi, eta Cabralesen 3. postua eskuratu zuen. Bedian ere jantzi zuen txapela. Hemendik aurrera lasterketa piloa datoz, eta maiatzeko azken asteburuko zita izango da izarra: Zegaman ikusiko dugu elkar!