Hasi zaizu bere azken mendi irteeraren nondik norakoak kontatzen. Begietatik darion pasioa ikusita, erotzen hasia dela pentsatu duzu. Zerk bultzatzen du Anbotora geroz eta azkarrago igo nahi izatera? Zergatik Alpeetara joan kilometrotan hiru zifra dituen lasterketa batean parte hartzera? Zalantza pentsamendu horrekin sartu zarete pagadian, eta egiari zor, kuriositate puntu batekin ere bai: zer ote dauka, ba, kirol horrek laguna hainbeste zaletzeko? Basoko orbela zapaltzean txikitako oroitzapenak etorri zaizkizu, gurasoekin jolasean mendira poz-pozik joaten zinenekoak. Poztasun horren antza ote du lagunaren zaletasunak?
Eguzkia mendi bien arteko lepotik lotsati irteten ikustean zirrara berezi bat sentitu eta etxetik goiz irtetearen saria dela esan diozu lagunari. Berak, irribarre. Aldapa gogortzen doan heinean, arnasestuarekin jolasean zoaz, orain moteldu, orain bizkortu…
Iritsi zarete tontorrera. Kasik oharkabean! Ikusmira paregabearen mozkorra pasa zaizunean mokadutxoa jan eta beherako bidea hasi duzue. Lautadatxoan korrika txikian joateko gonbita egin dizu eta bazoazte tipi-tapa auzoko baserriko iturriraino. Eztarria freskatu, arnasa moteldu… hau gozatua!
Agurtu zaretenean, datorren zapatuan Gorbeialdera? berbak zure ahotik irten dira.