Gure gorputzak baditu tresnak erasoak neutralizatu eta kalteak osatzeko, uste baino makina hobe baten jabe baikara. Baina, beharbada ezjakintasunagatik, ez diogu merezitako tratua ematen. Konplexua da oreka lortzeko dauden trikimailu biokimikoak ulertzea, baina ez da zertan zientzian aditua izan, duen garrantziaz jabetzeko. Orekak osasuna dakarrela ulertuz gero, badakigu desoreka osasunaren antonimoa dela; desoreka egoerak gaixotasunetatik hurbil daudela, alegia. Agian, hirugarren pertsonatik lehen pertsonara aldatu behar genuke ikuspegia: pentsa baino makina hobea gara, eta, tamalez, ez dugu gure burua merezi bezain beste zaintzen.
Logikak esaten du desorekei buelta emateko energia handiagoa behar dela oreka mantentzeko baino. Zergatik, orduan, norberari etengabe eraso egite hori? Gorputzak erasotzat har ditzake drogak eta sedentarismoa, besteak beste. Baina baditugu ez hain agerikoak diren hainbat etsai. Geroz eta jende gehiagok egin ohi du kirola, itxuraz, ariketa fisikoaren onurez baliatzeko. Askotan gainera, jateko ohiturak aldatzen dituzte askok kirola egiten hastearekin bat. Osasunaren izenean, elikadura desoreka eta kirol gehiegikeriak ikustera ohitzen hasiak gara, zoritxarrez.
Burua ere gorputza dela ahazten denean dator arazoa. Gogoratu dezagun; gehiegi eta gutxiegi ez dira oreka hitzaren esanahian kabitzen.