Udaren azkena

Eguzkia moteltzen doan heinean, egunerokotasunak hartzen du indarra: lanera bueltatzea, kurtso berriaren hasiera edo entrenamenduak gogotsu hastea, besteak beste.

Mendiko lasterketetan aritzen garenontzat apartekoa izaten da udazkena. Atzerrian ez bezala, gure inguruan ez da lasterketa asko egoten udan. Iraila hastearekin bat, ordea, edozein herritan aurki dezakegu bakoitzarentzat aproposa izan daitekeen lasterketaren bat eta Durangaldea ez da salbuespena.

Mendi lasterketa mota ezberdinak daude: kilometro bertikaletatik hasi eta ultretara bitartean dauden distantziak beste ia-ia. 2008az geroztik, Atxondon bertan modalitate ezberdin bitan lehiatzeko aukera dago. Irailaren 17an Sorginen Lasterketa Axpen hasi eta bukatuko da, baina aurten Anbototik igaroko dira lasterkariak, guztira 17 kilometro inguru osatuz.

Urriaren 8an, bestalde, IX. Anboto Kilometro Bertikala jokatuko da Arrazolan. Euskal Herriko espezialista onenak erakartzen dituen lasterketa leherkor hau norberaren mugak aurkituz gozatzen ikasten ari den edozein hasiberrirentzat aproposa izan liteke.

Azkenik, urriaren 23an maratoi erdian lehiatzeko aukera egongo da II. Urkiola Udazken Koloretan lasterketan: Durangoko Tabiratik hasita Atxarte zeharkatuz, gure bazter ederrez gozatzeko aukera paregabea.

Beraz, mendian korrika egitea gustatu eta lasterketetako giro ona probatu nahi baduzue, hiru lasterketa paregabe eskura dituzue urtaro berria gogotsu hasteko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!