Badauzkagu Elorrioko lehen 'ahobizi' eta 'belarriprest'-ak

Erabiltzailearen aurpegia Elorrioko Euskaraldia 2018ko eka. 23a, 11:15

Udako solstizioa aitzaki hartuta, euskararentzako sasoi aldaketa irudikatu gura izan dugu Euskaraldiko Elorrioko aurkezpenean. Hizkuntza ohiturei buelta emateko gogoz, herriko lehen 'ahobizi' eta 'belarriprest'-ak ere aurkeztu ditugu. Helburua euskaraz errazago egitea eta euskaraz entzuteko aukerak sortzea izango da.

Lourdesko Ama ikastetxeko jaian izan ginen lehenengo, eta plazan geroago. Azaroaren 23tik abenduaren 3ra Euskal Herriko 350 herritan egingo dugun ariketa soziala aurkeztu genuen. Izan ere, Elorrion 'ahobizi' eta 'belarriprest' rolak hartu eta hizkuntza ohiturak aldatzeko aukera asko dago, eta atzoko aurkezpenetan hori islatu zen.

Elorrion herritarron ia %80k ulertzen dugu euskara; erabili, berriz, % 33k. Euskaraldiak aukera paregabea emango digu euskararen ulermena oinarri hartuta euskaraz bizitzea errazteko.

Hamaika egunez txapa bat soinean eta jarrera zehatz bat hartzeko konpromisoa hartuta, bi rol hauek hartu ahalko ditugu elorriarrok:

  • Batzuk AHOBIZI izango dira. Euskara ulertzen dutenekin euskaraz egiteko konpromisoa hartuko dute, eta ezezagunei lehenengo hitza euskaraz egingo diete.
  • Eta beste batzuk BELARRIPREST izango dira.Hauek euskara ulertuko dute, eta izenak berak dioen moduan, entzuteko prest egongo dira: ingurukoei euskaraz berba egiteko eskatuko diete. Eurek euskaraz erantzungo dute, edo ez, baina ahobiziei lagundu egingo diete euren erronkan.


Txapekin identifikatuta egongo garenez, erraz ikusiko dugu nork hartu duen euskaraz berba egiteko konpromisoa, eta nork entzutekoa. Horrela, errazagoa izango da guretzat batzuetan tentsioa eragiten diguten egoeratan euskaraz egitea edo entzutea.

Atzokoak herrira begirako lehen urratsak izan ziren, eta urratsa ederrak gainera! Udazkenean murgilduko gara bete-betean Euskaraldian, baina lanketa urte osoan egingo dugu. Ahobizi eta belarripresten izen-ematea irailean hasiko da, eta urte osoan Euskaraldiaren berri ematen, formatzen, elorriarrak animatzen, ibiliko gara.

Gure lantaldea zabala da, eta uda aurretik bi asterik behin batu izan gara. Edozein informazio jaso gura baduzue, elorrio@euskaraldia.eus helbide elektronikoa dugu, eta Facebook eta Instagramen ere kontuak dauzkagu.


ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!