Legeak berak aurreikusten du, udalari suposatzen dion kostuaren arabera, kontratazioak zein esleipen prozesu motaren arabera egin behar diren. Hala ere, hainbat dira Abadiñoko Udalak arau horiek bete gabe kontratatuak dituen zerbitzuak. Horien artean kostu ekonomikorik handiena duena, energia elektrikoaren kontratazioa.
Udalaren gardentasunean bezala, eredu energetikoaren gainean ere hausnarketa eta aldaketa sakona egitea ezinbestekotzat jotzen dugu. Neguko egunik hotzenetan argindarraren prezioa lotsarik gabe igotzeari eta jatorri ez berriztagarria duten enpresak kontratatzeari utzi, eta %100 berriztagarriak diren iturrietara igaro.
Udalaren jarduteko modu hau aldatzeko helburuarekin, mozio bat sartu dugu apirilaren 25eko Osoko Bilkuran bozkatzeko. Hauek izango dira gakoak:
• Legeak adierazitako minimoez gain, udalak jasotzen dituen zerbitzuak eta gastuak herriko gremio eta enpresei aukera berdintasuna bermatuz, eta era gardenean kudeatzeko ordenantza bat lantzea.
• Hornidura elektrikorako pleguetan, jatorria %100 berriztagarria izatea derrigortzea, eta beste energia eredu jasangarriagoa eta etikoagoa duten enpresek eskaini ahal dutenari balio gehigarria ematea.