Kontzertu berezia eta ezberdina izango da. Durangoko Tabira Banda eta Musika eskolako banda batu egingo dira kontzertu honetarako eta talde horietako musikariak elkarrekin ikusiko ditugu eszenatokian. Horretaz gain, aurkeztuko den errepertorioa ere desberdina izango dugu eta betiko estilotik aldendutako emanaldia izango da; izan ere, jazz estiloko kantak eta swing erritmoa nagusituko dira. Kanta ezagun batzuetan, Elorrioko Esti Ibarrak abestuko du.
Kontzertu hau elkarrekin egiteko ideia irailean proposatu zuten Luis Orduña Ridruejok (bandako zuzendaria) eta Lorena Rodriguezek (Musika Eskolako Bandako arduraduna). Ordutik aurrera, egitaraua, entseguak eta antolakuntza orokorra finkatu dute. Kontzertuan Musika eskolako irakasle Jose Gallardo Llorach ere izango dugu zuzendari gonbidatu bezala, eta obra batean saxo bakarlari moduan ere parte hartuko du. Kontzertua aurrera ateratzeko Durangaldeko hainbat musikariren laguntza izango dugu, besteak beste, Liher Granados (baxua), Esti Ibarra (ahotsa), Fernando Alsasua (ahotsa), Mikel Nuñez (pianoa) eta Carlos Sagi (bateria). Azken honek kontzertuan joko den Mesias Sarritan kantaren moldaketa interesgarri bat egin du. Beraz, Moldaketa honen estrenaldia entzungo da kontzertuan.
Kontzertuan joko diren abestiak hauek izango dira: Jazz Christmas, Variazioni in blue, Moon River, Harlem Nocturno, Música Divertida, How Insensitive, On the Sunny eta Mesias Sarritan.
• Jose Gallardo Castellonen jaioa da, 2000 urtetik Euskal Herrian bizi den arren. Formakuntza desberdinetan hartu du parte: rock, funk, pop, latin, elektronika edo jazzean, eta azken honen espezialitatea egina dauka Musikenen. Hainbat talde eta msuikarirekin kolaboratu du; besteak beste, La M.O.D.A, Alain Concepción, Kike Mora eta baita Kepa Junkera ere.. Egun Alboka Musika Eskolako (Ermua) banda zuzentzen du eta Bartolome Ertzilla kontserbatorioan klaseak ematen ditu.
• Carlos Sagi musikari eta konpositorea da, jazz munduan eta musika modernoan espezializatua. Lan asko burutu ditu konpositore zein bateri jotzaile moduan (Garikoitz Mendizabal, Aiko Taldea Oreja TX, eta Melvin Davisekin, besteak beste). Jazz jaialdi askotan hartu du parte, eta konpositore moduan hainbat sari irabazi ditu.