Gure hautua bizitzak

Erabiltzailearen aurpegia Durangoko Ernai 2020ko aza. 7a, 15:02

Azken asteetan koronabirusaren kutsatze tasak gora egin du eta “bigarren olatua” deitu zaionari aurre egiteko gobernuek pentsatutako neurriak indarrean sartu dira gaurtik aurrera, tabernak itxiz eta etxeratze ordua aurreratuz.

Hartu diren neurri gehienek -eta gaurtik aurrera indarrean sartuko direnek baita- ardura indibidualean jarri dute arreta. Gazteok behin eta berriz estigmatizatuak izan gara, eta zeharka beraz, pairatzen ditugun ondorio ekonomiko eta sozialen erantzule bihurtu gaituzte: zaintza sistemaren kolapsoaren erantzule egin gaituzte, gure arduragabetasunaren aitzakipean ezarri dute tabernak ixteko agindua, etxeratze-agindua, mugikortasunaren mugapena…Ez dugu ukatzen norbanakoen jarduerak  eragin garrantzitsua duela testuinguru honetan, berriro ere esaten dugu, arduratsuak izateko garaia dela. Baina agintarien partetik,  hilabete guzti hauetan titular ponposoetatik harago ez dugu deus entzun osasun sistema eta bereziki lehen-arreta indartzeko estrategien inguruan, kalean topaketak 6 pertsonara mugatuak daude eta klasean 30 ikasletik gora pilatzen gara, garraio publikoan dagoen desfasea nabaria da... Azken honi loturik, hainbat erabiltzailek salatu dute ez direla autobusetan segurtasun neurriak mantentzen.

Norbanakooi begirako neurriak hartzearekin batera ez da inolako neurri ekonomikorik hartu. Konfinamenduak gogortzearen aurrean ez dira babes sozialerako neurriak indartu, ez da alokairuen etete bat  bultzatu, oinarrizko diru sarrerak bermatzeko sistemak, ERTEak… nahikoa izan gabe jarraitzen dute. Gazte askok ez dakigu alokairua ordaindu ahal izango dugun, langabeziaren zerrendak betetzen jarraitzen dugu enplegua suntsitzen ari delako eta lan esparru genituen horietan ez dugulako lanik aurkitzen… Neurriak hartzea beharrezkoa bada, pertsonak modu integralean ulertzen gaituzten neurriak izan behar dira.

Gobernuak orain arteko errezeta aplikatzen tematzen dira: “Mucha policía y poca inversión.” Honen aurrean, atzo Madalenako geltokian egin genuen ekimenean esan bezala, zerbitzu publikoak indartzea exijitzen dugu, eta herritarren mesedetan, krisi honen faktura aberatsenei pasatzea.

Gazteok lehenbailehen hartu beharreko neurri hauek planteatu ditugu, eta EAE zein Nafarroako agintariei helarazi genizkien:

  1. GARRAIO PUBLIKOA INDARTZEA. Maiztasuna eta irisgarritasuna handituz.
  2. HEZKUNTZA RATIOAK JAITSI. Ikasleei beharrezko baliabideak bermatu.
  3. ALOKAIRUAREN ORDAINKETAK ETEN. Prezio igoerak ekidin eta etxegabetzeak gelditu.
  4. LANPOSTUAK DEFENDATU. Kaleratzeak ekidin eta gazteon prekarizazioarekin amaitu.
  5. OINARRIZKO ERRENTA BERMATU. Diru Sarrerarik gabe dauden edo galdu dituzten gazteei.
  6. KRIMINALIZAZIOA GELDITU. Herritarron informazio eskubidea eta gardentasuna bermatu.

Eztabaida antzuetan korapilatu nahi gaituzten testuinguru batean aurkitzen gara, eta eskuin muturrak haserre soziala eta askatasunaren bandera kapitalizatzeko arriskua mahai gainean daukagu; horregatik osasuna VS ekonomia dikotomia faltsua gainditu eta ikuspegi integral batetik bizitzaz mintzatu behar gara: bizitzaren sostengagarritasunaz pandemia garaian. Hitz egin behar dugu osasun fisiko eta mentalaz, bizitza sostengatzeko behar materialetaz eta oinarrizko eskubideetaz (elikadura, etxebizitza, energia, baliabide ekonomikoak), komunitateaz… hauek sostengatzeari buruz.

Norabide horretan herritarrok izan behar dugu protagonista eta komunitateak egon behar du erdigunean. Horretarako herri eragileen aitortza eta protagonismoa ezinbestekoa da. Gazte independentista, sozialista eta feministok arrakala hau irekitzeko bultza egin behar dugu. Otzan eta geldirik nahi gaituzte, baina orain inoiz baino gehiago gure jardun politikoan sakontzeko tenorean gaude. Modu berriak sortu beharko ditugu, egoerari egokituak baina antolatuta jarraitu behar dugu. Azken hilabeteetan ikasten joan gara, horren kontzientzia hartu eta baliatu behar dugu.

Elkar zaintzeko antolakuntza bultzatzen jarraitu behar dugu. Berebizikoa izango da alternatiba politiko, sozial eta kultural bezala indartzen jarraitzea. Gure eguneroko jarduna balioan jartzea, gazte mugimenduan, talde feministetan, prekarietatearen aurkako borrokan… Gure herri eta auzoak inoiz baino biziago eta bizigarriago egitea gure ardura ere bada. Zaintzatik eta sormenez, gure herri eta auzoetan eragiten jarraituko dugu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!