Bizi berri batera, gazteok salto!

Erabiltzailearen aurpegia Durangoko Ernai 2020ko eka. 20a, 18:09

Garai zailak datoz eta prestatuta egon behar dugu. Gazteok sektore kolpatuena izango gara berriro ere: gazte langile gehienak ERTEetan, ziurgabetasun geroz eta handiagoz eta kontratu prekarioenekin lanean. Izan ere, kontratua izate hutsa luxua bihurtu dute guretzat. 2008ko krisia ezagutu genuen askok eta orain beste krisi batek zeharkatuko ditu gure bizitzak. Beste behin ere, espektatibak lapurtu dizkigute. Krisiaren belaunaldia gara.

Osasun krisiari krisi ekonomiko batek hartu dio segida baina akatsa litzateke krisia azken hilabeteetako gertakarien ondorio dela pentsatzea. Aitzitik, pandemiak lehenagotik zetorren sistemaren enegarren krisiaren azkartzea baino ez du eragin.

Egoera zail honetan agintariak betiko errezetak planteatzera tematu dira: baliabideak osasun sistema publikoa indartzera bideratu ordez, presentzia poliziala areagotu dute. Gehien behar dutenei lagundu beharrean, AHTa bezalako proiektu txikitzaileetan dabiltza gure dirua gastatzen. Krisi honen pisua langile eta herri sektoreon gain jarri nahi dute, multinazional eta fortuna handiek poltsikoak betetzen jarraitzen duten bitartean.

Inoiz baino beharrezkoagoa da sistema hau zalantzan jartzea, sistema kapitalista heteropatriarkala bera delako birusa. Euskal Herrian bizitza erdigunean jarriko duen sistema bat eraiki behar dugu, erabakiak hemen hartuz, langile eta herri sektoreen mesedetara egongo dena, ezkerretik, feminismotik, ekologismotik, euskaraz… krisi honen oldarraldiaren aurrean lehen lerroan mantenduko garenak gara. 

Ernaiko kideok egoera hau salatzeko beharra ikusi dugu. Krisia kapitalak ordain dezala exijitzeko elkarretaratzea deitzen dugu ekainaren 23an (San Juan bezpera), 20:00etan Santa Anan. Krisiaren erantzuleak sinbolikoki erreko ditugu eta bizitzak erdigunean jarriko dituen eredua aldarrikatuko dugu. BIZI BERRI BATERA, GAZTEOK SALTO!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!