Uneko argazkia 14-30 urte arteko 300 lagunekin atera dugu. Laginaren %30 aldi berean ikasten eta lanean ziharduela kontuan hartuta, azpimarratzekoa da, guztira, krisialdia hasi orduko 164 lagunek ordaindutako lana zutela eta horietatik %40k diru sarreren osotasuna galdu duela*. Horrez gain, enplegua zuten gazteen erdiak baino gehiagok murrizketaren bat jasan du diru sarreretan.
Bestalde, lan bila zebiltzan gazteen %78k uste du zailagoa egingo zaiola aurrerantzean lana bilatzea. Begirada altxatuta, apirileko langabezia datuak argitaratu berri dira: gazteon langabezia %12,3 igo** da apirilean Hegoaldean; 2019an baino %34,7 gehiago. Hilabete hauetan aplikatu diren ERTEak ere gehitu behar dizkiogu datuari. Hala, kapitalak datorren krisiaren pisua geure bizkarren gain jarri nahi duela agerian uzten dute zenbakiek.
Etxebizitzaren arloari dagokionez, Durangon emantzipatuta bizi diren gazteen %40k uste du arazoak izango dituela alokairua ordaintzerako orduan. Gainera, emantzipatu guran dabiltzan gazteen %87k uste du, krisia luzatzen bada, oraindik zailagoa izango zaiola etxetik joatea, eta horietatik %80k bertan behera utziko du emantzipatzeko asmoa. Horrela, etxebizitza eskubide bat izanik, epe laburrean merkatuaren logikatik aterako duten politika eta neurri ausarten beharra azaleratzen da: Alokairuaren prezioa mugatzeko eta parke publikoa handitzeko neurriak, adibidez. Gazteak eta herri sektore pobretuenak baikara etxebizitza eskubidearen ukapena modu gordinean sufritzen dugunak. Noski, koronabirusa dela eta, egoera larriagoa da.
Ikasleon hezkuntza eskubidea urratua izaten ari dela azaleratzen dute galdetegiaren erantzunek, %15ak adierazi du “ez daukala baliabide nahikorik” klaseekin jarraitu ahal izateko. Berriz, %70aren ustez, ez dira argi azaldu ikasturtea ebaluatzeko erabiliko diren metodoak (DBH eta batxilergoko ikasleen artean %82ra igotzen da ebaluazioaren inguruko ardura). Argi geratu da Madrildik eta Paristik inprobisatzen dituzten hezkuntza politikek ez dietela ikasleen beharrei erantzuten. Ikasleak erdigunean jarriko dituen hezkuntza sistema burujabe baten beharra agerian geratzen da.
Orotara, galdetegia erantzun duten gazteen %82k uste du “agintariak aprobetxatzen dabiltzala herritarren eta gazteon gaineko kontrola handitzeko”. Espainiar armadaren presentzia Euskal Herrian da horren adibide nagusia. Beste adibide bat, egunotan hainbat herritarrek poliziaren partetik jasan dituzten isun, mehatxu eta bortizkeria. Hasieran aipatu legez, “Kapitalismo Heteropatriarkala” deritzon sendabidez mozorrotutako gaixotasun are okerragoaren aurrean, kaleetan, lehen lerroan topatuko gara Durangoko gazteok.
*Durangoko gazteok osatu dugun galdetegiaren arabera
**2020ko Maiatzaren 5eko datuak