Durangon, gazteok lehen lerrora! (I)

Erabiltzailearen aurpegia Durangoko Ernai 2020ko api. 24a, 10:41

Etxean, gure begiek bidean hormak baino aurkitzen ez dituzten honetan, egin dezagun ahalegina begirada pixka bat urrunago altxatzeko.

Duela hamarkada bateko krisi finantzieroak hainbat ziurtasun eta eskema mental urtu zizkigun gazteoi: Gure gurasoak baino okerrago biziko garen belaunaldia ginela asumitu genuen, gure enpleguetan mileurista izatea pribilejiotzat hartuko genuena, 30 urte beteta ere gurasoenetik emantzipatu ezingo ginenak. Sistemak, krisi haren aitzakiapean, gazte langileon bizitzen prekarizazio prozesu sakona abiatu zuen.

Ez da spoiler bat: Hamarkada baten ondoren, Koronabirusaren krisiaren aitzakia erabiliko dute gazteon bizitzak oraindik gehiago prekarizatzeko, jada estu dagoen torlojuari beste bira bat emateko. Hobe esanda, horretan dabiltza.

Hainbat izan daitezke, lehendik arrastaka genekartzan ziurgabetasunei, azken egunetan pilatu zaizkien kezka berriak: ikasturtearen amaieraren inguruko zalantzak, diru sarrera txiki hori bermatzen zigun lanean jarraitzeko ezintasuna, alokairua ordaintzeko zailtasunak, poliziaren jazarpena eta mehatxuak...

Durangoko Ernaitik hainbat ekimen burutu izan ditugu “Euskal Herrian Bizi!” dinamikaren baitan prekarietateari ateak ixten, eta honen erantzuleak seinalatzen. Dinamika berri hau, baina, egoera ezohikoan abiatzen dugu, prekarietatearen aurkako borroka inoiz baino premiazkoagoa dela erizten baitiogu.

Lehen pauso gisa, galdetegi baten bidez, Durangoko gazteon egoeraren argazkia osatu nahi dugu, gutako bakoitza gure azalean bizitzen ari garen egoera lehen planora atera. Guk geuk, gazteok, egiten ez badugu, ez duelako inork gugatik egingo. (Galdetegia beheko linkean aurkituko duzue).

Gazteok egoera zaurgarrian aurkitzen gara, eta sistemak badaki gure marko mentaletan eragitea erraza izan daitekeela (beldurra, sekurokrazia, sakrifizioa...). Baina bestetik gero eta gutxiago dugu galtzeko, eta badakite, baita ere, egoera honek aukerak ematen dizkigula erresignaziotik haratago eskema berriak sortzeko.

 

Galdetegia anonimoa da, 14-30 urte bitarteko Durangoko gazteentzat eta ahalik erantzun gehien jasotzea da asmoa.

Galdetegiaren Linka: https://docs.google.com/forms/d/1aZNihwTNwqEAb2zpa_bxQH0a-WTEwhRe2AqDjs1FER4/viewform?edit_requested=true .

edo: labur.eus/GazteokBizitzak

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!