Uztailaren 18a Durangon

Igandea zen. Gasteiztik arratsaldero zetorren autobusa ez zen heldu Durangora. Altxamenduaren aldeko aldarria egin zuen karlista batek Ezkurdin. Horrela jakin zuten durangarrek zera zetorrela.

2017ko uztailaren 18an, 81 urte geroago, durangarrek eta udalbatzarrak udaletxetik epaitegirako bidea egingo dugu, bertan kereila jartzeko 1937ko martxoaren 31ko eta apirilaren 2ko eta 4ko bonbardaketen egileen aurka.

80 urtean justiziak ez ditu Gizateriaren Aurkako Krimen horiek ikertu. Ikerketa bera ere ez du abiatu. Igaro dira faxismoaren menpe bizi izandako 40 urteak. Igaro dira demokrazian bizi izandako azken 40 urteak. Igaro dira hainbat urte Justiziaren eskumenak berreskuratu zirenetik. Baina justiziak ez ditu inoiz Gizateriaren Aurkako Krimen horiek ikertu.

Faxismoaren garaian, ukatu egin zen. Ezkutatu egin zen. Isildu egin zen. Ahaztu egin zen. Isilarazi egin zuten. Ahantzarazi nahi izan zuten. Demokraziaren garaian, beste alde batera begiratu dute. Amnistiatu egin dela aldarrikatzen dute. Antzina, oso antzina, gertatu zela diote. Ikerketak gizartea zatitu egingo duela diote.

Bada garaia geurea ei den justiziak Gizateriaren Aurkako Krimen horiek ikertu ditzan. Ea justizia Justizia den eta geurea!

Bestalde, argi dago kereila hori bonbardaketen egileen aurka jarriko dela eta ez bonbardaketak planifikatu eta agindu zituzten buru faxisten aurka.

Zertan ari gara, bada? Urrats bat ematen, besterik ez. Argi dugu ekimen hau ez dela azkena izango. Baina, horretarako, zuon laguntza behar dugu!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!