Presoen afera konpontzeko eskatu dugu hainbat sindikatuk

Erabiltzailearen aurpegia CNT Sindikatua 2018ko abe. 20a, 14:03

  • CNTk, beste sindikatuekin batera, presoen afera konpontzea eskatu du; horretarako datorren urtarrilatik aurrera dinamika bat hasiko dute.
  • "Arazo hau konpontzeko garaia da", esan du erakunde anarkosindikalistak, gainera "urtarrilaren 12ko mobilizazioan parte hartzeko deia" egin du.

Hurrengo lerroetan eragile guztiek adostutako komunikatua duzue.

Hemen gauden hamar sindikatuok elkartu gara eta preso dauden pertsonak txertatzeko auziari buruzko amankomuneko irakurketa egin nahi dugu.
Lehenago ETAren behin betiko eta erabateko armagabetzeari gure sostengua adierazteko elkartu ginen eta geroztik beste hiru aldiz modu ezberdinetan elkartu gara, gaixorik dauden presoen arazoa eta hurbiltzea zirela eta.
Beraz, ELA, LAB, UGT, Steilas, ESK, CNT, CGT, EHNE, HIRU eta Etxalde sindikatuek euskal gizarteari, bere erakundeei eta eragile politiko eta sozial ezberdinei honakoa adierazi nahi diegu:

    1. Egungo egoeran, preso dauden pertsonen arazoa konpontzea bizikidetza demokratikoa eta adiskidetzea sustatzeko beharrezko ekarpena litzatekela uste dugu.
    2. Beraz, arazo honen konponbide orokorra lortzeko asmoz, honako urratsak beharrezkoak lirateke.
      • Gaitz larriak pairatzen dituzten presoen arazoa dela eta, iazko uztailaren 5ean egindako eskaerari berretsi egiten diogu: ”Sindikatuok agintariei estatuan indarrean dagoen legedia eta nazioarteko irizpide zorrotzenak aintzat har ditzaten eskatzen diegu, gaitz larriak edota sendaezinak pairatzen dituzten presoak hirugarren graduan sailkatzeko edo espetxetik ateratzeko, duintasun pertsonal eta gizatasun arrazoiak direla eta”.
      • Espainia eta Frantziako gobernuei preso guztiak Euskal Autonomia Erkidegoa (EAE) eta Nafarroako espetxeetara ekar ditzaten exijitzen diegu, espetxe zigorra presoaren sorlekutik urruti ez betetzeko eta senideekiko lotura errazteko.
      • Preso bakoitzaren baldintza eta egoera zehatzak benetan aztertuz, lehen gradutik bigarren gradurako bilakaera eskatzen dugu, espetxe legediak zehazten duen moduan.
    3. Hemen elkartu garen sindikatuok gure dinamika iraunkorraren berri eman nahi dugu.“Konponbide garaia da. Orain presoak” lelopean, aldarrikapen hauek hilabetero hirugarren ostiraletan 11:30etik 12:00etara, Bilboko Plaza Eliptikoko Espainiako Gobernuaren delegaritza aurrera eramango ditugu. Urtarrilaren 18an egingo dugu lehen mobilizazioa. Urtarrilaren 12an arratsaldeko 17:00etan Bilbon eta “Orain Presoak” gizarte ekimenak antolaturik burutuko den manifestazioan egongo garela jakinarazten dugu.
    4. Gizarteari, eta bereziki langileei, bakoitzak bere eremutik, auzi honen behin betiko konponbidea lortzeko lana egin dezan deia luzatzen diegu.

Bilbon, 2018ko abenduaren 20an

(Argazkia: LAB)

Osorik irakurri

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!