Azaroaren 25ean egingo den mobilizazioarekin bat egiteko deia egin dute Bilgune Feministako kideek

Azaroaren 25a gerturatzen ari den honetan, feministok (in)justizia sistemaren izaera patriarkala jarri nahi dugu jo-puntuan. Honek, emakumeoi* sinetsi ez, eta eraso sexisten erantzule egin eta berbiktimizatzen gaitu.

EHn jazotako azken erailketa matxistek erakutsi dute judizialki salatzeak ez duela bermatzen emakumeon* babesa. Erasoa jasandakoon beharrak eta baldintzak  ez dira kontuan hartzen, salaketa prozesua bera oso gogorra bihurtuz. Honi askotariko indarkeriak elkar gurutzatu daitezkeela gehitu behar zaio  (klase aldagaia, arrazakeria...) egoera are gehiago zailduz.

Muineko konponbideak eman gabe, kartzelaldiak gogortzea eskaintzen du sistema judizial zigortzaileak. Guk argi diogu espetxealdi iraunkor berrikusgarriaren aurka gaudela. Patriarkatuaren tresnak dira gaztigua eta presondegia; hauen bidez ez da bortizkeria amaitzen, ez baita bermatzen erasoa jasandakoon erreparazioa eta ez errepikatzea.

Erauntsi feminista eragitera goaz patriarkatuaren (in)justizien aurrean. Ezinbestekoa da gaurdanik indarkeria matxistari aurre egiteko eta emakumeok* babesteko erakunde-baliabideak aplikatzea eta hobetzea. Horregatik, Bilgune Feministatik dei egiten dugu domeka honetan, azaroak 25, 13:00ean epaitegitik hasita, Durangoko Autodefentsa Feminista Asanbladak deitutako mobilizaziora batzeko.

Bukatzeko, gaur "hau ez da justizia" diogu. Bihar, nahi dugun justizia definitzeko, lortzeko, asmatzeko, amesteko... egin ahalean eta borrokan jarraituko dugu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!