Tren lasterraren lehentasuna ez da ekonomia

Erabiltzailearen aurpegia Antton_Berrizbeitia

Apirilaren 22a da eta, ETBkoek diotenez, Ama Lurraren Nazioarteko Eguna. Aste honetararte, Atxondo zen erpe metalikoek ukitu ez duten territorio libre bakarrenetarikoa, baina egin dute lehorreratzea han ere, guztion baliabideekin, lurra pusketaka kendu eta lur hori gutxi batzuen poltsikoan diru bilakatzen duten atzaparrek. Kosta zaie burruntzalia sartzea baina, azkenean, sartu dute, EAJk sukalderaino sartzen utzi dielako; atea jo orduko, utzi ere. Atea itxita daukate, ordea, herritarrentzat, agintari batek ere ez baitu ganorazko azalpenik ematen, ezta eskatuta ere.

Hain-hain-hain-hain ona omen den proiektu honi buruzko propagandarik ere ez. Mutu. Hanka-puntetan sartu nahi izan dute elefantea. Eta ikusi da: arnasten laguntzeko makinarik ez, baina 80 urteko haritzari zein 12 urteko pagoari kolpetik hatsa kentzeko makinak, makina bat. Zeresan asko eman du lan faraoniko honek, 1990. hamarkadaz geroztik. Eta, oraindik ere, emango du, zama astuna ipini digutelako gainean. 

2016ko ikerketa baten arabera, Espainia eta Txina dira mota honetako trenbide kilometro gehien eraiki dituzten herrialdeak; biek ere, helburu politiko alderdikoietan oinarrituta, eraginkortasun ekonomikoari erreparatu gabe.  Ez dakit Txinan nola dabiltzan diruz, baina hemen, ez du ematen sobera dagoenik. Adibide bat: tren lasterraren bidaia bakoitzaren kostearen 2/3 diru publikoz pagatzen da Espainian, eskari falta (errentagarritasun komertzial-eza) dela eta. Figueres-Perpinyà lineak, esaterako, 600 milioi €-ko laguntza publikoa jaso zuen 2013an. Bide batez, esan behar da Europako Batzordeak esan duela RENFEk abiadura handiko tren zerbitzuengatik jasotako laguntza publikoak konpetentziarekin loturiko araudiaren kontrakoak direla. Baina, finantza-ingeniaritza trikimailuekin, erraz estali izan du hori Espainiako Gobernuak, EB-ren zigorrik ez jasotzeko. Guztira, 2013an, ADIFen abiadura handiko lineei loturiko arloak 9.142 milioi euroko zorra pilatu zuen, Espainiako Kontu Auzitegiaren arabera. Pentsa gure orografiak ze eragin daukan eraikuntza kosteengan, eta atera kontuak astakeria hau amortizatu, mantendu eta komertzialki errentagarria izan dadin (ezinezkoa da) beharko den dirutza publikoa.

Ikerketa horren (eta zentzuzko jokabidearen) arabera, baliabide publikoak edozertan inbertitzerakoan, errentagarritasun analisia egin behar da, eta ebaluatu inbertsio horiek egiteak zein aukera-koste duen (horretan inbertitzeagatik beste eremu batzuetan inbertitzeari utzi beharra). Analisi hori burutzeko, hiru eremu nagusi hartzen dira kontuan. Lehena, soziala: proiektuak balio-bizitza osoan izango dituen koste eta etekin sozialak. Kosteei dagokienez: azpiegituraren eraikuntza, trenen kostea eta guzti horren mantenuaren kostea leudeke. Ingurumen kosteak ere sartu beharko lirateke, baina ez dira inputatzen. Onuren aldean: bidaiariek denbora murriztea, beste garraiobide batzuk murrizteak lekartzakeen kostu galerak (baita berotegi-efektuko gasen murrizketak ere, baina 100 urteko proiekzioetan ere ez da ikusten horrelakorik) edota istripuen eta trafiko-pilaketen gutxitzea leudeke. Bigarren eremua, finantzieroa da: proiektuaren sarrera-koste fluxua kalkulatzeko, inbertsioaren amortizazioa barne. Eta, hirugarrenik, bideragarritasun komertzialaren eremua dago: zerbitzuaren ustiapenetik eratorritako kosteak eta etekinak (aktibitate komertzial gisa errentagarria den ala ez). 

Tira, bada, diziplina anitzetik burututako ikerketa horren arabera, inola ere ez da errentagarria: ez sozialki, ez finantzieroki ezta komertzialki ere. Nagusiki, dauzkan kostu erraldoien eta aurreikusten den eskari murritzaren ondorioz. Duela gutxi esan du bozeramale jeltzale burutsu horietako batek "pandemiaren beraren aurretik ere, ekonomia dela herritarren ardura". Jakina arduratzen gaituela ekonomiak! Eta, are gehiago, kontu publikoez ari bagara. Baina proiektu hau baieztapen horren antitesia da. Hau ez baita inongo ikuspegi ekonomiko arrazionalekin planifikatu.

Ama Lurrari buruz-eta, ez noa ni hitz egitera. Horretarako, badago EBBko… barkatu, E-T-B-ko ekologiakeriarako buru batzarra.

Merezi du metodologia zientifikoan oinarritzen den aipatutako ikerketa (eta beste datu eta informazio asko) aztertzeak. Galdera anitz daude erantzuteke. Halere, hemen: lehenengo porlana eta, gero, gerokoak. Horren aurrean, harrigarria da herri txiki eta ertainetako burukideek duten jarrera. Euretako askok aitortu du ez diotela guzti honi etekinik ikusten. Baina fedea-edo izango da, harakiria egiterainoko fedea. Betiko Jaungoikoa eta Lege Zaharra modernitate likidoa dira hauen jeltzaletasun itsu berri honekin alderatuta. Hauena bai ikazkinaren fedea.

Analisi zehatza: http://biblioteca.hegoa.ehu.es/downloads/20304/%2Fsystem%2Fpdf%2F3772%2FLan_Koadernoa_71.pdf

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!