Mugarri egun arrakastatsua

Erabiltzailearen aurpegia Alpino Tabira mendi taldea 2022ko eka. 7a, 23:18

100 pertsonatik gorako parte-hartzearekin, harritu egin gaitu aurtengo edizioak eduki duenn harrerak. Honek, hurrengo edizioekin aurrera jarraitzeko motibazio puntu bat  emoten deusku, jakinda egindako lanak nolabaiteko aitorpena jasotzen duela, baina kontuan izanda arrakasta ez datorrela berez.

9:00etan izan zan hitzordua Andra Mariko elizpean, eta berau bete-betea ikusteak, urduritasun puntu bat sortzen du: ibilbide egokia diseinatu da? horren talde handia ondo gidatzeko gai izango al gara? Ondo erantzungo al dabe ibilbidearen zailtasunen aurrean (sokak, alanbre hesiak...)? Eta, egia esan, orokorrean, oso pozik gagoz jendearengandik jasotako erantzunarekin. 

100 pertsonatik gora daukaguz, jada ohitura bihurtu dan ibilbide honetaz gozatzeko prest, eta gure argibideen zain. Hilabete luze batez burututako lan boluntario eskergaren emaitzak ikusteko momentua heldu da, eta ondo urten danaren sentsazioa daukagu. 

Baina sentsazio hori hainbat faktoreren ondorio izan da, eskertu beharreko faktoreak. Eskertzekoa parte-hartzaileen gehiengo batek antolakuntzarekiko erakutsitako errespetua. Eskertzekoa antolakuntzan eta aurre prestaketan gure klubeko bazkideen zati batek erakutsitako inplikazioa. Eskertzekoa partikularrek beraien orubeak horren talde jendetsuari zabaltzeko erakutsi daben prestutasuna, bertan babesten diran mugarriak bistaratuz. Eskertzekoa Durangoko udalaren laguntza izen emateen kudeaketan eta ekintzaren zabalkundean. 

Holan da. Holako ekintza bat horren era arrakastatsuan aurrera urtetzea hainbat faktorek egiten dabe posible. Horreetako bakar batek kale egin ezkero, ekintza horrek desagertzeko arrisku handia dauka. Beraz, guztion artean, lortu daigun 2023 urteko Mugarri Eguna aurtengoa bezain arrakastatsua izatea. Guztion laguntza beharko da. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!