Bizkaitarra eta gipuzkoarra, euskaldun peto-petoak eta nazioartean beraien jatorria behin baino gehiagotan aldarrikatu dutenak. Tourrean, Giroan, Vueltan edo Itzulian garaipen handiak eskuratu dituzten arren, euren izaera ez da aldatu. Izaera xaloa ez dute galdu. Hunkitu egin dira helmugako azken arrastoa igaro dutenean. Zenbat oroitzapen, zenbat bizipen... Zaila behar du jardun profesionalaren amaierara iristen zabiltzala onartzea eta are zailagoa noiz bukatuko den erabakitzea. Haurtzarotik gehiago ez dute besterik izan buruan, hots, ametsa bete eta profesional gisa aritzea. Euskaltel-Euskadi historikoak emandako hondarreko uzta dira. Agortzear dagoen uzta da; hirugarren fruitu batek ez du bere taldean jarraituko datorren urtean.
Une hau iritsiko zela jakitun ziren guztiak. Goi mailako ziklistak izan dira, garaileak, itzuli handi zein txikietan nabarmendu direnak eta hori amaitzen ari da gure zoritxarrerako. Aleka ziklista onak agertuko dira baina zaila izango da utziko dutenen mailara iristea. Ondo ureztatuta izan dugu euskal ziklismoa, baina epe ertainera begira lehortea datorkigulakoan nago. Gaizki ohitu gaituzte eta beraiek utzitako hutsunearekin zer eman diguten konturatuko gara. Hain herrialde txikia izanda, zenbat txapeldun eman dituen kirol honek. Goza dezagun denboraldia bukatu arte eskainiko digutenarekin. Epilogoa idazten ari dira, urrezko hizkiz gainera. Pello eta Jon dira, guztiaren gainetik pertsonak. Goza dezatela bizimodu berriarekin eta beraien jakituria transmititzen ahalegindu. Dotorea benetan bion despedidea.