Farsi Il Mazzo

Erabiltzailearen aurpegia Alfontso Arroio Monasterio (Kazetaria) 2025eko abenduaren 19a

Urriaren 12a, Paris-Tours klasikoa, denboraldiko azken lasterketa eta emanaldia. Hamar hilabeteko sasoiari amaiera emateko unea izan zen eta ondoren izan genuen berriak nostalgiaz eta penaz bete ninduen. Stelvio gainetik, eta, nola ez, ziklista jantzita, jakinarazi zigun inork ez zekiena baina uneren batean espero genuena. Modu dotorean (bera den modukoa) egin zuen, bertsotan.

Hori baita bera, bertsozale amorratua. Zur eta lur utzi gintuen, nahiz eta unea helduko zela jakitun izan. Helmugara iritsi dela, arrastoa pasa eta mikrofono baten aurrean ez duela gehiago pedalkadarik emango. Hogeita hamar urteko ibilbideari bukaera eman dio. Asko gara bere emanaldiekin hazi garenak; euskara jator eta aberatsarekin. Ziklismo emanaldiak gorenera, gailurrera, eraman ditu. Prestigioa eta ospea eman die euskaraz egindako emanaldiei. Euskal Herritik kanpo erreferente bihurtu du euskarazko telebista eta asko dira gure hizkuntza ulertu ez, eta saioak jarraitzen dituztenak. Hizkera gozoa, gure hizkuntzarekiko zorroztasuna, eta, batez ere, jakituria. Hiru ezaugarri horiek izan ditu bere jardunak. Ohorea izan da azken emanaldiaren bidaide izatea; plazera izan da aldamenean lan egitea. Maisu, eredu, asko eman dio euskarari, ziklismoari eta bere terminologiari. Langile petoa, egunero-egunero elikatzen izan du bere datu base pertsonala. Gorputzaren beste atal bat bailitzan, ez dut sekula ahaztuko ordenagailua izorratu zitzaion eguna. Bilutsik balego bezala sentitu zen eta gure taldeburuari laguntzen saiatu ginen (edozein ezkutari bezala). Orduak igaro ditugu aldarte onean. Bereziak izan dira emanaldiak hasi orduko hartutako kafeak, baita lasterketa erdian dastatutakoak ere. Zer esango dizuet, hutsunea sentitzen dut eta oraindik denboraldia ez da hasi. Bere falta igarriko dut. Gure herriaren eta euskararen inguruko gure gogoetak ez ditut ahaztuko; aberasgarriak izan dira oso. Etapa amaituta, onena opa diot bidaia honetan. 'Ez da Giro' saioko orroarekin agurtuko dut: farsi il mazzo, Fermin.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!