Jostaria

Erabiltzailearen aurpegia Alfontso Arroio Monasterio (Kazetaria) 2025ko urr. 3a, 08:30

Hamazazpi urte zituela txundituta utzi zuen talde profesional bateko arduradun bat. Harribitxiak aurkitzea zen bere egitekoa. Ziklistaren herrialdeko lasterketa batera joan eta protagonista lider zela, bertatik bertara ikusitakoak zirrara sortu zion. Horiz jantzita, helmugatik hogeita zortzi kilometrora faboritoen multzotik hanka egin eta bakar bakarrik iritsi zen amaierara etapa irabazita.

Ziklista handi baten lehen zantzua izan zitekeela iruditu zitzaion arduradun horri. Urtebetera, jadanik profesionaletan zebilela, Kroaziako Ischia Trophy lasterketara joan zen harribitxien bilatzaile hori, han aritzekoa baitzen gure protagonista. Lehen sasoia zuen elite mailan, eta inguruan eskarmentu handiko ziklistak zituen. Baina kontrakoa dirudien arren, talentu berrien ikuskatzaile hori beste ziklista batzuk ikustera joan zen: Politt eta Kamna, besteak beste. Aitzitik, urtebete atzerago txundituta utzi zuen mutilak ahoa bete hortz utzi zuen. Ziklista zailduen aurrean eta azken erripa gogorrean, bakar-bakarrik aurrera egitea erabaki zuen, hartara amaitzeko kilometroa falta zela. Ausardia erakutsi baina ez zuen saririk jaso, hanka pedaletik atera zitzaiolako. Ez zuen etapa irabazi, hirugarren amaitu zuen. Egindakoarekin maitemindu zen ikuskatzailea. Aitaren batean Bakala Academy egoitzara joateko gonbita egin zion bertan azterketa batzuk egiteko. Quick-Step taldearen gunea zen hori. Ikuskatzailea, berriz, euskal herritar bat: Josean Fernandez "Matxin". Protagonista nagusia Gent – Wevelgem klasikoa egitera zihoala baliatuta egingo zituzten proba horiek. Baina kontuak kontu, orduko Lampre taldeak (gerora UAE izango zena) horren berri izan eta guztia geldiarazi zuen ziklistari hurrengo urterako sekulako kontratua eskainita. Ez zen damutu, historia egiten ari den ziklista fitxatu zuelako. Matxin eta Quick-Step harribitxi barik gelditu ziren baina euskal herritarrak handik gutxira berarekin bat egin zuen UAE taldean. Gazte mailan bezala dihardu bizikleta gainean: jostari. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!