Potentzia handietako baten lema eramateko ardura pertsonaje arriskutsu bati eman diote, Donald Trumpi. Ziklismoarekin harremana izan zuen bigarren aldiz AEBetako presidente izango denak. 80ko hamarkadaren amaieran eta 90eko hasieran, "Tour of Trump" lasterketa antolatu zuen Frantziako Tourrari lehia egiteko asmoarekin. Bere jostailuak bi urte iraun zuen bakarrik (ondorengo urteetan Tour de DuPont izena hartu zuen). Dag Otto Lauritzen eta Raul Alcala agertzen dira palmaresean garaile moduan. Urte horietan ezagutzera eman zen pertsonaje beldurgarri hau. Jakin beza XIX. mendearen bukaeran eta XX.aren hasieran bazela munduko txapeldun afroamerikar bat. Indianapolisen jaio zen, 1878an, eta 18 urterekin distantzia laburreko zazpi munduko marka lortu zituen New Yorkeko belodromoan. 21 urterekin munduko txapeldun bilakatu zen. Arrazakeria pairatu behar izan zuen, denetik egin zioten. AEBetan lasterketa askotan parte hartzea debekatu zioten, eta parte hartzen uzten zioten batzuetan, ikusleek iltzeak edo ur hotza botatzen zioten. Ondorioz, Europarako bidea hartu zuen. Frantziako belodromoetan, sona hartu zuen. Etxera bueltan, 30.000 dolarreko irabaziekin eta 32 urterekin ziklismoa utzi zuen. Hogei urteren buruan diru hori guztia bukatu zen, egindako inbertsioek huts egin ostean. Limosnetatik bizi eta 53 urterekin Chicagon hil zen. Urteetara, zale batzuek estatua bana jarri zuten Worcesterren, Massachusetssen eta bere jaioterrian, Indianapolisen. Gaur egun, arrazakeria gehien pairatu zuen hirian, bertako belodromoak bere izena darama: Marshall Taylor.