Aurtengo denboraldia munduko txapeldun berriaren sasoia izan da. Erakustaldiz erakustaldi ibili da eta nagusitasun zanpatzailea erakutsi du; asekaitza da 26 urteko ziklista. Pogacarrek ematen dituen datuetara inor gutxi hurbiltzen da, norbait gerturatzekotan Jonas Vingegaard izango da. Ortzadar maillotaren ugazabak 55 lasterketa egun egin ditu eta 23 garaipen lortu. Emaitzarik txarrenak Milano-San Remoko hirugarren lekua eta Montrealgo Sari Nagusiko zazpigarren tokia dira. Atera kontuak, 1974an Merckxek eta 1987an Rochek erdietsitakoa berdindu du Pogacarrek; urte berean Giroa, Tourra eta munduko txapelketa irabaztea. Ikuskizunaren sinonimoa da, berdin zaio noiz eta non jo erasoa. Sarri, bapatean otutzen zaizkio ateraldi horiek. Askok esango dute aspergarri bihurtzen dituela lasterketak, aldez aurretik gidoia idatzita dagoela. Ez zaie arrazorik falta, arrisku hori hor dagoelako, baina zer esango dizuet, goza dezagun urrezko aroa ordezkatzen duen ziklista honekin. Orain arte Merckxen erakustaldiak entzun ditugun bezala, hogei urte barru gazteenek Pogacarrenak entzungo dituzte.
Munduko txapeldun berriari gorazarre egin ostean, ezin albo batera utzi, ziklista batek 2022an egindako balentria handiagoa. Orduan, hiru itzuli handiak (Tourra, Giroa eta Vuelta), Liejako monumentua eta munduko txapelketa irabazi zituen. Emakume bat izan zen, Longo eta Vosekin batera olinpoan sartu den txirrindularia: Annemiek van Vleuten. Iaz utzi zuen profesionaletako ibilbidea eta duela bi urte egin zuena zinez kolosala izan zen, mundiala. Herbeheretarra eta esloveniarra, eman diezaiogun bakoitzari berea.