Udaberria

Ziklismoa bere osotasunean bizitzeko urtarorik ederrena udaberria dela beti esan dut. Negua luze egiten zait errepideko lasterketarik gabe, ziklo-krosak hutsune hori leuntzen laguntzen didan arren. Eguzkiaren lasterketarekin hasi genituen emanaldiak duela hamabost egun, abiada hartu dugu eta urrira arte ez gara geldituko.

Aste santuan Lizarran ekingo diegu emanaldiei, ondoren Flandriako Tourrarekin, Euskal Herriko Itzuliarekin eta Paris-Roubaixekin jarraitzeko. Martxo amaiera eta apiril hasiera zirraragarria izango dugu, gure errepideetan munduko ziklista onenak bertatik bertara ikusteko parada izango dugulako: Vingegaard, Evenepoel, Roglic, Pello Bilbao, Mikel Landa... Eguzki berritan gaude; klasikoek distira berezia dute, historiaz josita daude den-denak. Herri baten izaera ere islatzen dute lasterketa horiek. Flandrian ziklismoa nola bizi duten ikusteak zirrara sortzen dit. Gu geu ere ez gara atzean gelditzen; errepide bazterrak jendez mukuru ikusteak oilo ipurdia jartzeko modukoa da. Mundu osoan herri gisa agertzeko tresna bakarrenetakoa dugu eliteko kirolean ziklismoa. Hori gutxi ez, eta Euskal Herriko ziklistak onenen pare ari dira, gehienak euskaldunak dira eta harrotasunez agertzen dute beraien jatorria. Euskaraz mintzo dira eta haurrentzat eredu dira. Idoloak norbere hizkuntzan entzutea ezinbestekoa da erreferente euskaldunak izan ditzaten. Ziklismoa euskaraz ikusi, entzun eta sentitzea ere funtsezkoa dela deritzot gure hizkuntzaren zabalkundean. Arrabola, galga, erripa, aldapa pikoa bezalako hitzak barneratu dituzte haurrek, gazteek, baita erdaldun batzuek ere. Erreferente euskaldunak behar ditugu zentzu guztietan, nahiz eta gure herriko Itzuli handienak huts egiten duen horretan. Ibilbidearen aurkezpen ofiziala gaztelania hutsean egin izanak mindu gintuen (antolatzaileek horren berri badute), norbere herrian atzerritar eta bigarren mailako sentiarazi gintuzten. Ruperren kantak dio "euskaldun izatea zein nekeza den", baina inoiz baino gehiago: Harro Herri.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!