Jakina da Euskal Herriak ordezkaritza zabala izango duela eliteko bi maila nagusietan. Esaterako, World Tourrean (lehen maila) hamahiru ziklista izango dira onenen artean; eskarmentu handikoak zein gazteak. Azken hauen artean hiru nabarmentzen dira: Jon Barrenetxea (Movistar), Igor Arrieta (UAE) eta Markel Beloki (Education First). Josebaren semeak gazte mailatik zuzen-zuzenean egin du jauzi gorenera, 18 urte baino ez dituenean. Koxka bat beherago, Pro Team-ean (bigarren maila), 31 euskal ziklista arituko dira. Esan beharrik ez dago ordezkari gehien Euskaltel-Euskadik dituela, hamaseirekin. Kern-Pharmak zortzi izango ditu, eta Caja Ruralek bost. Beste biek atzerriko bidea hartuta dute jadanik. Ander Okamika Espainiako Burgos-BHn egingo du sasoia, eta Xabier Mikel Azparrenek Suitzako Q36.5 taldean.
Datuei erreparatuta, deigarria da gure eskualdeko ziklisten ordezkaritza urria. Durangaldeak bakarra izango du pelotoian: Mikel Bizkarra. Urte luzez haztegi bikaina izan den inguruak aspaldian ez du uztarik eman. Arrazoi ezberdinak tarteko, garai bateko profesionalek entrenatu aurretik Iurretako plazan egiten zuten hitzordua historiara pasatu da. Iragana da sasoi batean elkartzen zen pelotoitxoa. Nazioarteko tropela bizirik dagoen bitartean, Durangaldekoa geldi-geldi dago. Nostalgiko jartzeko modukoa da Bizkarra bakarrik entrenatzen ikustea. Zer ginen, eta zer garen. Dabilen harriari ez zaio goroldiorik ateratzen; geldirik dagoenari, ordea… Egiturazko arazoa bainoago, koiunturala izatea espero dut. Ez gaitezen ezkor jarri; eskerrak, oraindik, bide ertzean ziklistak animatzen dagoenari ez zaion goroldiorik atera.