Galdutako grina

Barkaidazue baina asteon ez dut ziklismoaren inguruan ezer ere idatziko. Gaur gure lanbidea edo ofizioa aitzakia moduan hartuko dut lerro batzuk izkiriatzeko. Irailean hogeita hamar urte bete dira telebistan lanean hasi nintzela.

Medioa ezagutzeko era bakarra beka baten bidez zen eta horrela egin nituen lehen urratsak kirol sailean. Aurretik Egin egunkariko Oiztik Begira Durangalderako gehigarrian idatzi nituen hastapeneko lerroak. Bizipen ezin hobea 18 urteko gazte batentzat. Ondoren, Euskaldunon Egunkaria ezagutzeko beta izan eta Lasarteko egoitzan trebatu nintzen. Hortik, jauzia telebistarakoa izan zen. Hogeita hamar urte hauetan dezente aldatu da ofizioa eta kazetarien izaera. U-Matic eta Betacam zintak historiaurrea dira; gaur egun dena digitalizatuta dago eta bideoak bidaltzeko zein zuzenekoak egiteko Interneten menpe gaude (nork esango zidan mugikor batekin zuzenekoak egin edo albistegietako kirol atala aurkeztuko nuenik). Ofizio honetan pasioa ezinbestekoa dela jabetu naiz, asko eskatzen duelako eta zerbait sakrifikatzeko prest egon behar delako. Mundu ero honetan ezinezkoa zaigu deskonektatzea, etengabe berriak sortzen baitira. Irudiaren garaiotan, gazteek beraien burua erakusteko gosea erakutsi digute aspaldion. Lanbidea ikasi baino lehenago, euren irudia erakustea lehenesten dute. Indabak lapikoan su baxuan egin beharrean, gurago dute ordu laurdenean presio-eltzean egitea. Sarri, alboan dutena zapaltzeko gupidarik ez dute izaten (ez denak, noski), horrek euren helburua lortzeko bidea errazten badu. Ohartu ere ez dira egiten hau maratoi bat dela eta ez 100 metroko lasterketa azkarra. Askori ez diet pasiorik sumatzen eta uste dut dabiltzan moduan ibilita, ibilbide laburra izango dutela ofizioan. Hori bai, gutxiengo batzuek erakusten dute beharrezkoa den grina hori. Nagusitzen ari naizen seinalea izango da, baina gauza bat  dela edo bestea dela, ofizioaren etorkizunaren inguruan ezkorra naiz. Ezkutuko interes bako pasioak salba dezake lanbide eder hau.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!