Hemezortzi urte zituela beharrean hasi zen igeltsero moduan eta trenez joatea garestiegi zenez, bi gurpilen gainean joatea besterik ez zuen. 1883ko abenduaren 1ean jaio zen, Induno Olona herrian, Vareseko probintzian. Bizikletarako harra joan-etorri horietan piztu zitzaion. Gurasoei ezer esan gabe, ezkutuko lasterketetan parte hartzen hasi eta pare bat irabazi zituen. Garaipen horiek 1905eko Lombardiako Giroan izena ematera bultzatu zuten; ondo moldatu eta hirugarren lekuan amaitu zuen gerora monumentu bihurtu den klasikoa. 18 lirako saria hartu eta aitaren batean, Bianchi taldearen eskaintza jaso zuen. Garaiko talde garrantzitsuenetakoa zen eta profesional izatea ahalbidetu zion. Loria berehala dastatu zuen, 1907an Milan-Turin klasikoa irabazita eta hurrengo urtean bigarren izanda Milan-San Remon, baita Lombardian ere. Hori gutxi ez, eta orduko marka berria jarri zuen: 40,405 km. 26 urterekin jo zuen goia. Bianchi taldea utzi eta Atalara aldegin zuen. Classicissiman ordubeteko aldearekin gailendu zen eta Italiako Giroko lehen ekitaldia bere egin zuen. Puntuka egiten zen sailkapena, ez denbora kontuan hartuta. Hiru etapa irabazita, azken saioan Corsa Rosa galtzekotan izan zen zulatu baten ondorioz. Aurkariek aurrera egin eta tartea dezente handitu zuten. Baina zoria alde izan zuen Gannak. Rho herrian, buruan zihoazenek trenbide-pasagune batean gelditu behar izan zuten eta beraiekin bat egitea erdietsi zuen, era horretan azken garaipena ziurtatuta utzita. Herriaren ziklista bihurtu zen, langile izatetik izar izatera pasa zelako. Ziklista zintzoa eta hitz gutxikoa zen, beti bere jatorria zein zen bazekiena. 1915ean utzi zuen ziklismoa eta bizikleta lantegi bat sortu. Fiorenzo Magni faxistak Gannak egindako bizikleta batekin irabazi zuen 1951ko Italiako Giroa.