Beste behin herri honen errealitate gordina agerian gelditu zen, herri barregarri bat garela. Gauza bat aldarrikatu eta beste bat egiten dugula, alegia. Ozenki defenditzen duguna egunero-egunero praktikan jarri, gure hizkuntza zaindu eta gure hizkuntzan kontsumitu barik, auzokideen hizkuntza darabil herri honetako euskaldun askok eta askok. Ziklismo denboraldia hasi dugula eta, sekulako pagotxa da goi mailako txirrindularitza telebistan euskaraz ikustea. Egun, kirol emanaldi gehienak gaztelania hutsean dira eta horrek eragina du batez ere haurrek kalean erabiltzen duten adierazpideetan eta beraien erreferentzietan. Euskara hutsezko terminologia aberatsa da oso ziklismoan. Fermin Aramendik eta Xabier Usabiagak kirol honi eta gure hizkuntzari egin dioten ekarpena apartekoa da. Harro egoteko modukoa da beraien aldamenean ikasi eta lan egitea. Baina euskaldun askok eta askok auzokideen telebistara jotzen du bi hizkuntzen artean hautua egin behar duenean. Hor daude audientzia datuak. Euskaldun jatorrak gara baina kontsumitzerako orduan espainolak baino espainolagoak. Horregatik diot herri moduan barregarri geratzen garela. Euskaraz egindako produktuak guk geuk ere ez baditugu kontsumitzen, zertan gabiltza? Ziklismoaren kasuan, itzuli handi batzuk egin ditut lanean eta ohartu naiz errespetua diotela eta baita begirunea ere euskaraz egindako lanari. The basques, i baschi gara. Aitaren batean Euskal Herriarekin eta ziklismoarekin lotzen dute mikrofono urdina. Ustea dut kanpoan gehiago baloratzen dela euskaraz egindako lana gurean baino. Etsipena eta tristura sentitu ditut dezentetan. Atzerrikoa, auzokideena hobea delakoan dago jende andana. Baina hauxe esango diet, urrutiko intxaurrak hamalau… Ruperren kantak dioen bezala, inork ez zidan esan euskalduna izatea zein nekeza den.